N1 ANDOAIN A15

"Sorabilla auzoa Andoaingo herriaren eta herritarren biriketako bat da"

Xabier Lasa 2022ko ira. 16a, 07:22

"Dauden azpiegiturak hobetzeak ingurumenean, gizartean eta ekonomian inpaktu txikiagoa eragiten du, errepide berriak eraikitzeak baino", defendatzen dute.

Elkarteak deituta, sorabillatarrek batzarra egin zuten Erretoretxean, irailaren 8an. Bertan, elkarteko zuzendaritzak hainbat gogoeta eta sei alegazio biltzen dituen txostena aurkeztu zien auzotarrei, eta horiek ontzat hartu zuten. Laura Corchero, Xabier Laka eta Aitzol Larrañaga elkarteko zuzendaritzako kideek txostenaren nondik norakoak azaldu dizkiote Aiurri astekariari.

Txostenaren hasieran diozue “egungo, iraganeko edo etorkizuneko saihesbide korridorearen aukeraren aurka” zaudetela, eta egungo N-1 “berrerabiltzen eta eraldatzen duen proiektuaren alde”.

Xabier Laka: N1 azpiegituraren gaia hogei urte daramagu lantzen, eta beti azaldu gara saihesbidearen aurka, eta egungo N1 egokitzearen alde. Uste dugu dauden azpiegiturak hobetzeak ingurumenean, gizartean eta ekonomian inpaktu txikiagoa eragiten duela, errepide berriak eraikitzeak baino. Printzipio horri eutsi diogu beti. 2011ko Andoaingo Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak jasotzen duen saihesbidea aipatzen da hitzetik hortzera, aukera hori onena dela aldarrikatuz. Baina uste dugu Plan hori ezin dela 'Carta Magna' baten antzera hartu, ukiezina balitz bezala; hamaika urte igaro dira, eta ikuspegiak zein sentsibilitateak asko aldatu dira. Ez dezagun urbanismo zaharkitu baten menpe jarraitu, jarri ditzagun ezbaian jarri behar diren alderdiak, eta berritu, berritu behar direnak.

Mintza gaitezen garbi: 2011ko Planean planteatzen den irtenbideak, “zaborra” Sorabillara eramatea dakar. Andoaingo garapen urbanistikoa jartzen da arrazoitzat, baina garapen hori ibaiaz alde batera eramaten du, ordainetan, Sorabilla aldean suntsipen paisajistikoa eraginez. Kopuruz hazteak kalitatez haztea dakarrela dirudi, baina ez du zertan hala izan behar. Balio paisajistikoa funtsezko ondarea dugu, eta hori hondatzea 70 eta 80ko hamarkadako desarrollismora itzultzea da.

Laura Corchero: Sorabillako auzoa ez da hor Oria ibaiaz bestalde dagoen paisaje polit huts bat. Andoaingo herriaren eta herritarren biriketako bat, Leitzaran izan daitekeen moduan. Pandemia garaian agerian geratu da andoaindarrentzat zein estimatua den auzo hori aisialdi-gune gisa, osasunari eta ongizateari begira.

Aitzol Larrañaga: Xabierrek garapen urbanistikoa aipatu du, eta ildo horretatik segituz, aitortu behar dugu mingarria egiten zaigula Andoaingo garapen urbanistikoaren aurka gaudela entzuteak, hori ez delako batere egia. Informazio falta dago, eta batzuek eta besteek defendatzen dutenaren gaineko pedagogia falta dela iruditzen zaigu.

Astelehen goizean udaletxean egin zen hirigintza batzordean, “kanpoko saihesbidea” ez, baizik eta “Sorabillako saihesbidea” izendatu beharko litzatekela azpimarratu nahi izan zuen elkarteko kide batek.

L. C.: Eta arrazoi zuen. Eufemismoak alde batera utzi beharko liratekeela uste dugu. Proiektuan, Udalak bere idatzietan eta zenbaitzuk ere hala aipatzen dute, eta horrela entzunda, proposamena erakargarria-eta guzti egiten zaigu, hartzen baita irudipena herritik kanpo eramaten dela saihesbidea, arazoa kanpora eramaten dela. Baina egiazki, Andoaingo herritarrak bizi diren auzo batera eramaten da saihesbide hori, eta aspektu askotan (paisajistikoa, soziala, kulturala, aisialdia…) ondorio kaltegarriak eragiten dizkio.

Erretoretxearen ondo-ondoan C2k proiektatzen duen biribilgune baten, begizta baten eta erreiak handitzearen konbinazioak “bizi espazioaren inbasio jasanezintzat” jo duzue, eta alternatiba proposatu duzue.

L.C.: Inbasio fisiko hori, akustikoa eta kutsatzailea izateaz gain, oinezkoen mugikortasuna trabatuko luke eta autoaren erabilera bultzatu, erabat. Konektibitateari eraso egingo lioke, sorabillatarron eta ibaiaz bestaldeko herritarren arteko harremanak zailduko lituzke. Sorabilla isolatuta geratuko litzateke herritik, azken batean. Elkartean alegazioen atala landu dutenak lan bikaina egin dute, eta fotomuntaiekin erakutsi dute posible dela Inquitexeko parean bi biribilgune ipinita kalte arinagoa eragitea.

X.L.: Aldundiak 2011an aurkeztu zuen saihesbidearen proiektuak gauza berbera planteatzen zuen. Txanda hartan alegazioa jarri genuen, eta ontzat hartu zuten. Zer da, eta, orain, berriz ere orduko akatsa errepikatzen ari dira; ez dugu ulertzen zergatik. Igual uste dute Sorabillako biztanleak jada nekatu egin garela hainbeste urtetan proiektuak aztertzen eta alternatibak planteatzen jardun eta gero...

Kordoba eta Presagaina baserriak ez eraistea eskatzen duzue.

X.L.: Guk Inquitex parean planteatzen ditugun bi biribilgune horiekin, ez litzateke errailik erantsi beharko orain daudenei; hain zuzen, Tolosako norabidean nahikoak lirateke oraingo bi erreilak, eta hortaz, ez lirateke bota beharko bi baserri horiek.

Kordoba baserriak badu bere balorea, hirigintza-ondarearen katalogoan sartuta dago, babes-maila bat duen ondasun higiezin gisa. Eta Presagain baserriari dagokionez, berriz, esan beharra dago lotsagarria dela azken 30 urtetan bertan bizi den familiak bizi izan duen bazterkeria. Eta salaketa horren adibiderik argiena, egun, baserri hori, 2011ko Hiri-Antolamendurako Plan Orokorretik kanpo egotea da. Urtetan atzerago bagoaz, Plan horren aurretik, Udalak berak saihesbide bat planteatu zuen, zeinak Kordoba eta Presagain baztertzen zituen. Gure elkarteak alegazioak jarri zituen orduan, eta Aldundiak guri arrazoia emateaz gain, Udalari bi baserriak 2011ko Planean berriro integratzea eskatu zion, ez zenez aurrera atera 2011ko saihesbidearen proiektua. Bada, Udalak urte hauetan alde horretatik ez du ezer egin.

Zarataren arazoari dagokionez, pantaila akustikoak (hesiak) eta zoru isila jartzea aztertzeko eskatzen duzue alegazioetan.

X.L.: Bai, hori eskatzen dugu, baina iruditzen zaigu zarata ez dela arazo nagusia. Kontuan hartzen badugu autoen gurpilen eta asfaltoaren arteko kontaktuak eragiten duela zaratarik handiena, bada, etorkizun hurbil edo ertainera begira jartzen bazara, konpon liteke arazoa. Izan ere, hedatzen joango dira auto-elektrikoak, gidaritza autonomoko autoak, zoru isila (jada Europan zenbait tokietan ipinita dago)…

L.C.: Hori bai, behin N1ak egun jasaten duen trafikoa hizpide hartuz gero, hainbat arlo sakon aztertu beharko lirateke. Hasteko eta behin, galdetu beharko dugu ea Andoainen zergatik gauden kondenatuak halako trafiko kopurua jasatera. Zergatik ez, alternatiba gisa, zenbait neurri aztertu, hala nola, abiadura kontrolatzea, garraio astuna autopistara bideratzea, garraio publikoa indartzea…?

Alegazioen epea amaituta, zertan jarraituko duzue aurrerantzean?

X.L.: Azken urtetako lan ildoari eutsiko diogu, Sorabilla bizi diren auzotarren ongizatearen alde, Balastrainetik hasi eta Azpikolaraino luzatzen den auzoaren alde, eta beraz, Andoaingo herriko zati baten alde. Herriko udal ordezkariekin, herriko elkarteekin eta herritarrekin komunikazioari eutsi nahi diogu, eta eztabaida espazio guztietan parte hartzeko borondatea daukagu. Demagogiak edo alper-harri zapaltzailea erabiltzeko tentaldia alde batera utzi, eta guztien ahotsak entzunak izango diren espazioen alde egingo dugu. Pedagogia egingo den eta gutxiengoaren hitza errespetatuko den eztabaidaguneak behar ditugu guztiok ere, nahiz eta jakin, gehiengoaren nahia nagusitu beharko dela prozesu horren amaieran. Zera daukagu argi, hobe dela demokrazia on bat errepide on bat baino.

L.C.: Nolanahi ere, kontziente izan behar gara honako bi errealitateez: egun plazaratzen ari diren irtenbide guztiek ez dute bat egiten, eta, guztiek ere kalteak eragiten dituzte, gutxi-asko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!