N1 ANDOAIN A15

"Maider Lainez alkateak bere nahasmenean jarraitzen du, bere argudioak eta jarduteko modua oraindik ere ulertezinak baitira"

Jon Ander Ubeda 2022ko ira. 16a, 21:23

Andoaingo jeltzaleak aho bete hortz daude alkatearen eta era berean gobernukide dutenaren jokabidearekin. Balorazioa argitaratu dute.

Andoaingo EAJ-PNVren balorazioa

"Harrituta gaude, bere jarrera azaltzeko prentsaurrekoa eman eta ordu gutxira, Andoaingo alkateak egin duen iritzi aldaketarekin. Zalantzarik gabe, albiste positiboa da, baina EAJ-PNVren udal taldeari gazi-gozoa egiten zaigu. Izan ere, arazo bati irtenbidea ematen zaio, baina zenbait hilabete beranduago, eta horrek zuzenean eragiten dio pertsona askoren jardunari. Hasiera-hasieratik, panel akustikoak ahalik eta lasterren instalatu ahal izatea izan da gure taldearen helburua. 

Hala ere, ematen duenez, Maider Lainez alkateak bere nahasmenean jarraitzen du, bere argudioak eta jarduteko modua oraindik ere ulertezinak baitira. Alegazioak aurkezteko epea bete bai, baina oraindik horiek ebatzi gabe, biharamunean bertan ekin zaio, guztion ezustean, panelak ezartzeko prozesuari. Behin eta berriz defendatu duenaren kontra, lan hauek Bazkardo-Sorabilla tarteko lan orokorretatik modu independentean eta lehenago egin zitezkeelako argudioa berretsi besterik ez du egiten alkatearen berehalako jarrera aldaketa honek, ezer gutxi aldatu baita 24 ordutan".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!