Fagor Ederlan kooperatibak daukan Burdina galdategiaren eta Iberdrolaren zentralaren pare horretan egin dute ekitaldia. Usurbildik Donostiarako N-634 errepide ondoan hain zuzen.
Gaur 86 urte bete dira indar frankistek Usurbil militarki hartu zutela, eta horrexegatik hautatu du egun hori memoria historikoaren aldeko Usurbil 1936 elkarteak ekitaldia antolatzeko. Irubideko paraje horretan erail eta lurperatu zituzten Donostialdeko hainbat eta hainbat herritarrak omendu nahi izan dituzte era horretan. Oroigarria ipini dute bertan, oroimenerako leku ikusgarria izan dadin hemendik aurrera.
Usurbilgo elkarteak jaso dituen testigatzeko batzuk aipatzen dutenez, Jose Heredero Pinela Usurbilgo maisua eta Andoaingo Aranaztegi baserrian (Leizotz) jaio eta Donostian bizi zen Juan Antonio Irulegi Ulanga izan daitezke bertan lurperatuetako bi pertsona, eta horien senitartekoak gonbidatu dituzte ekitaldira.
Irulegi Maria Paulina Garmendia urnietarrarekin ezkondu zen, eta ondoren, biek Donostiako Alde Zaharrean Intza taberna ireki zuten. Bi seme-alaba eduki zituzten, Jesus Mari (1931) eta Miren Itziar (1935). EAJ alderdiko militantea zen, eta Donostiako hiriaren defentsan parte hartu zuen, Molaren tropak Gipuzkoa okupatzekotan zebiltzan garaian. Faxistek Donostia irailaren 13an sartu ostean atxilotu egin zuten.
Juan Antonio Irulegiren izena bi oroigarriek jasotzen dute. Bata, Andoaingo Goiztirian, arimaren garrasia eskulturak, eta bestea Donostiako udaletxearen ondoan dagoen Dual izenburuko eskulturak, beste 399 pertsonen izenekin batera; hain zuzen,400 bala-zulo biltzen ditu eskulturak.