N1 ANDOAIN A15

"Andoaingo Udal Gobernua osatzen duten ordezkariei dei egiten diegu ikuskizun tamalgarria albo batera utzi eta jar daitezela andoaindarren alde lanean"

Jon Ander Ubeda 2022ko ira. 18a, 19:32

Gobernukide diren PSE-EE eta EAJ-PNVren arteko ika-mikaren aurrean, EH Bilduk erantzukizuna eskatu die.

Andoaingo EH Bilduren oharra

"Azken egunetan, PSE-EE eta EAJ-PNV ikuskizun eskasa eta auzo lotsa eragiten duena eskaintzen ari dira herritarren aurrean. Asteazkenetik aurrera egunero prentsa ohar bat argitaratu dute bata besteari Ikastola pareko pantailak ezartzeko prozedura atzeratu izanaren errua aurpegiratuz. Gogoratu behar dugu ehunka familia andoaindarrek pairatzen dituztela afekzio akustiko izugarriak eta gaia garrantzitsuegia dela elkarri mokoka aritzeko.

Horregatik, Andoaingo Udal Gobernua osatzen duten ordezkariei dei egiten diegu ikuskizun tamalgarria albo batera utzi eta jar daitezela andoaindarren alde lanean. Gu prest gaude, irailaren 12an onartu zen mozioan agertzen diren puntuen alde lanean hasteko, eta konponbideak bilatzen aurkituko gaituzue baina ez Udal Gobernuko taldeen arteko ika-mikatan.

Hori dela eta, Andoaingo EH Bildutik honako hau eskatu nahi dugu:

  • Udal Gobernuko bi alderdiek eten dezatela jarrera hau eta erantzukizunez jokatzen hasi daitezela.
  • C-2 proiektua atzera bota ondoren, aurrera begirako plangintza bat aurkeztu dezatela.
  • Mozioko 4. puntuan onartu zen bezala, Sorabillan, Karrikan, Ikastolan, Mimendin eta Buruntzan, eragin akustikoak arintzeko elementu egokiak jar daitezela".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!