Ekainean aurkezpena egin zen Bastero Kulturgunean, udazkenari begirako asmoak agertzeko. Orduko hartan Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko kideak izan ziren solasean aritu zirenak, eta besteak beste udaberriaz geroztik martxan izan den Euskaraldiaren Txokoaren xehetasunak eskaini zituzten.
Egun hartan, Ainhoa Manterola udalekuetan zebilen, begirale gisa. 22 urteko gazte andoaindarra udan hainbat orduz lanean aritu da Euskaraldiko barne prestaketa lanetan eta, irailaz geroztik, dinamizatzailea da.
Hasteko eta behin, Ainhoa, Euskaraldiaren aurkezpen festa iragartzen ari zarete. Zergatik aurkezpen festa irailaren amaieran?
Batez ere irailaren 28an Euskaraldian norbanakoen izen-emateko epea zabalduko delako.
Ahobizi eta Belarriprest modura parte hartzeko asmoa egun horretatik aurrera agertu beharko da. Girotze aldera, aurkezpen-festa antolatzea erabaki genuen udan Euskaraldiaren bueltan ibili garenok. Tartean dira aurreko edizioan batzordean aritutako partaideak eta Manuel Larramendi Kultur Bazkunako zuzendaritzako kideak. Euskararen Normaltasunerako Batzordearekin harreman zuzena eta etengabea dugula erantsi nahi dut. Aldi berean, kontutan hartu behar da aurreko edizioa pandemia betean izan zela; ekitaldiak kalean egiteko asmoa dugu. Aurrekoan, sozializatzeko mugak agerikoak ziren, eta ariketa soziala martxan jartzea zailagoa izan zen. Kasu honetan kaleak euskaraz aritzeko espazio bilakatu nahi ditugu. Andoainen kalea arigune bilakatu nahiko genuke.
Udan dinamizatzaileei begira bilerak eta tailerrak izan dira eta zeuk horietan parte hartu duzu. Hitzordu horietan mezua argia zen: Euskaraldia kalera atera behar da.
Hori da. Lehenengo edizioan Euskaraldiak indar handia hartu zuen eta bigarrena pandemiak baldintzaturikoa izan zen. Kaleak berriz hartu nahi dira. Ez dezagun euskarak har dezakeen ikusgarritasuna mugatu. Txapak jantzita ikusi nahi ditugu herrikideak, eta solasaldiak sustatu. Martxan dagoela erakutsi behar diogu herritar orori, Euskaraldia posible egin ahal izateko.
Egitarauaz hitz egin dezagun. Musika emanaldiak eta herri afaria iragarri dira. Hasteko eta behin, Maizorri txalaparta taldeak hasiera emango dio ospakizunari. Saioa eskainiko dute Plaza Morean. Elektropottotte elektrotxaranga ariko da zuzenean. Haien berri emango al zenuke?
Elektrotxaranga bat da, sortu berria. Neska gazte talde batek osaturikoa. Eskualdeko partaide ugari daude bertan, eta Andoaingo bi kide horien artean: Itxaso Sanchez eta Nagore Huitzi. Garrantzia eman nahi izan diogu horri. Elektrotxaranga batean partaide guztiak emakumezkoak izatea ez da ohikoa, eta hori ere kontutan hartu nahi izan dugu.
Mulambo perkusio taldea ere ariko da.
Aspaldian Santa Krutz jaietan aritutako taldea da, doinu afrikarrak ondo baino hobeto eskaintzen dituenak. Tartean Andoainen bizi den Oihana Sanchez taldekidea dago, eta giro ederra jarriko dute Kale Nagusian behera egingo duten Kalejiran.
Bokata-afaria ere iragarri duzue.
Jaiari eman diogun kutsuagatik, partaide guztiak elkarrekin batu nahi ditugu Bekoplazan bokata bat janez. Gazteak, nerabeak, familiak, euskaltzaleak... Andoaindarrak batu nahi ditugu afarira. Musikak girotua izango da, eta, datorren astelehenean hasita, txartelak 5 eurotan salgai izango dira. Edariak eskainiko ditugu plazan bertan, postutxo bat jarrita.
Bekoplazan bertan izena emateko aukera egongo da, eta Euskaraldiko arropa erosi ahal izango da.
Gazteak bereziki erakartzeko ekimena izango al da?
Bai, baina ez egun horretan bakarrik. Egun hauetan ikastetxeetan aurkezpen festaren berri emango dugu eta nahiko genuke irailaren 30ean gazte koadrila ugari Bekoplazan ikustea. Horrez gain, udazkenean sartzean nerabeekin batera tailer praktikoak martxan jarri nahi ditugu, Lasarte-Orian abian jarri zuten eredua erreferentziatzat harturik. Arantza Aguado euskara teknikariaren eskutik jaso genuen proposamena eta gogoz heldu diogu asmo horri.
Batzordea martxan dago. Aste honetan bertan bilera bat egin da. Zer egin behar da parte hartzeko?
Interesa duenak bileretan parte har dezake, ekarpenak jasotzeko prest eta gogoz gaudelako. Andoain@euskaraldia.eus e-postara idatziz jar daitezke gurekin harremanetan.
Lantokiak edota eraikin publikoak ahobiziak eta belarriprestak elkartzeko espazioei arigune deitzen zaie. Zein asmo dago Andoainen, alor horretan?
Kultur eta kirol jardueretan, enpresan edo ostalaritzan entitateek bat egin behar dute Euskaraldiarekin. Eta euskaraz aritzeko espazioak zehaztu beharko dituzte. Arigune deituko zaio espazio horri. Udan entitate ezberdinekin egin dugu lehen harremana, eta jarraipena eman nahi diogu hurrengo asteetan. Geroz eta arigune gehiago egonez gero, askoz hobeto.
Amaitzeko, zein da zure iritziz euskararen egoera Andoainen?
Egiteko asko dugu. Hautsi beharreko inertzia asko dugu. Ohitura dugu gaztelerara jotzeko eta erronka txikiak praktikan jartzeko garaia da, erdaraz egiten ditugun elkarrizketa horiek euskaraz ere egin daitezkeela erakusteko.