N1 ANDOAIN A15

“Esan dezatela Sorabillako bariantea dela proposatu nahi dena"

Aiurri 2022ko ira. 21a, 06:53

Sorabilla-Errotagain elkarteko kideak kezkatuta agertu dira, Andoainen saihesbidea eskatzen dutenekin. Oharra argitara eman dute.

Alarma guztiak piztu dira Sorabillan:

"Kezkatuta eta izututa gaude, bai, sorabillatarrok, egun hauetan bolo-bolo dabilen N-1 eta A-15 errepideen kontua dela eta.

Batetik, oso kezkatuta gaude gauzei ez zaielako bere izena eman nahi eta hori susmagarria da. Alegia, “kanpoko saihesbidea” erabiltzen da behin eta berriz Oria ibaiaren bestekaldeko errepide berri bat zabaltzeari buruz hitz egiten denean. Inolaz ere horri ezin zaio deitu “kanpoko saihesbidea”, Sorabilla alderik alde gainetik pasatuko lukeen horri. Sorabillan inor biziko ez balitz bezala, ingurumen kalterik egingo ez balitz bezala, Andoaingo altxorretako bat suntsituko ez balitz bezala. Zergatik ez dira gauzak bere izenarekin esan nahi?. Izenik ez duena existituko ez balitz bezala tratatzen delako. Beraz, hitzez hitz, esan dezatela Sorabillako Bariante proiektua dela proposatu nahi dena, ez gehiago, ez gutxiago.

Eta hori guztia, 2011ko Hiri Planeamenduaren izenean. Denok dakigu plangintza hori egun akitua eta zahartua dagoela, lehen bait lehen berri bat egiteari ekin behar zaiola, besteak beste, 2011ko plangintza horrek eraikuntzari eta errepideei gero eta leku gehiago eman nahi dionean. Egungo hirigintza sentsible eta jasangarria ordea, alderantzizko bidea egiten hasia da dagoeneko. Alegia, ingurumen naturala, paisaia naturala herri eta hirietaraino erakarri eta zaintzeko hirigintza modernoa.

Berriro geratu behar ote dugu atzean horretan ere? Orbain gehiago ireki behar ote ditugu? Noraino iritsi behar dugu hormigoiaren morrontza horrekin? Ez al du Andoainek garatzeko eta hazteko beste lekurik hala beharko balu? Noiz da nahiko?

Batzuek sagar-jatera gonbidatu gintuzten andoaindar bezala baina uste dugu guri, sagar ustela eman nahi zaigula, eta hori, oso itxusia da, ez da bidezkoa, guk ez dugu sagar ustelik nahi ez eta merezi ere. Aspalditxo gabiltza gure ingurumena zainduz andoaindarrei arnas-leku, aisialdi eta kirol gune ederrak eta egokiak eskaintzen eta orain gutaz ahaztu eta “kanpoko saiheslekua” garela esaten hasteko.

Ez gaude ordea geldirik egoteko. Pareko tratua merezi eta eskatzen dugu. Erasoaren aurrean, gu, ondo dagoen eremua zaintzen eta defendatzen ari gara. Sorabilla Andoaingo birika eta paisaia da. Geure indar guztiekin jarraituko dugu gure auzoaren eta Andoain osoaren onuraren defentsan, gauzei bere izenez deitzen eta aurrez aurre elkarlanerako prest. Baina ez gaitzatela nahastu eta gutxietsi: alarma guztiak piztuta daude Sorabilla osoan (Azpikolatik Balastrainera)".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!