Andoainen euskararen alde eragiteko baliatu nahi da Euskaraldia. Euskaldunak eta euskararen bidean dauden gainerako herritarrak, guztiak elkarrekin, dantzan jarri nahi ditugu hurrengo asteko ospakizunean. Herri osoari zuzendutako festa da, eta bertan koadrillak edota familiak parte hartzera deituta daude. Arratsaldeko 19:00tan hasiko da ospakizuna Bastero Kulturgunearen parean dagoen plazatxoan, Plaza Morea-Andreurdiarena izendatu berri den gunean. Maizorri taldeko txalapartariek emango diote ospakizunari hasiera, eta segidan Mulambo perkusio taldearen kalejira abiatuko da. Plaza Moretik Bekoplazaraino euskaltzaleak afrikar doinuen erritmoan dantzan jarriko dituzte. Bidean geldialdiak egingo dituzte Juanita Alkain plazatxoan, Kale Nagusian eta Espigoiaren ondoan. Bekoplazara iritsita, bokata-afari musikatuaz gozatu ahal izango da. 5 eurotan bokadiloak eskainiko ditu antolaketak. Era berean, Bekoplazan bertan edariak eta Euskaraldiaren materiala erosteko aukera izango da. Belarriprest edo Ahobizi denak zalantzak argitzeko informazio puntua izango du bertan. Eta eguna borobiltzeko, gaueko 21:00tan Elektropottotte elektrotxarangak musika emanaldia eskainiko du Bekoplazan bertan. Jaiaz eta euskaraz gozatzeko eguna izango da.