Irailean zehar Andoainen eman diren gertakariak ikusita, eta Udal Osoko ez ohiko bilkuran Herri Plataformak C2 egitasmoaren aurkako mozioa aurrera ateratzea lortu zuela, EH Bildu Udal taldeak gaiari buruzko galdera luzatu dio EAJ-PNV alderdiak zuzentzen duen Sailari.
Aintzane Oiarbidek bere lehen erantzunean gaia testuinguruan jartzeko saiakera egin du. 2011tik aurrerapenik egin ez denez, bertan pilatzen diren arazoak zerrendatu ditu: “Bazkardoko eta Sorabillako lotunean hainbat arazo ditugu. Bazkardon, Tolosako norabidean, ez du trafiko guztia bideratzeko nahiko gaitasunik. Bestalde, Sorabillan Andoaindik Tolosarako norantzan eta Andoaindik Nafarroara joateko bidean distantzia laburrean bi bideak trentzatu eta gurutzatu egiten dira. Antzekoa gertatzen da Mimendin. Tolosatik Donostiara doazen trafikoak gurutzatu egiten dira N1era eta A15era. 70.000 ibilgailu igarotzen da bertatik, eguneko. Zarata mailak gainditu egiten dira eremu horretan”.
Irtenbideak aztertzerako garaian, 2011ko saihesbidearen gastu handian sakondu du: "2011n aukera horren aurrekontua 130 milioi eurokoa zen. Egun, 160 milioitik gorakoa litzateke. Ingurumenarekiko eragina handia litzateke, ebaki handia eragingo lukeelako Allurralde inguruan”.
Eta hortxe hasi dira Sorabillako bizilagunen alde egin dituen aipamenak. Behin baino gehiagotan aipatu dituelako sorabillatarrak: “Sorabillako bizilagunen elkarteak ez du saihesbiderik nahi. Beraiek ere andoaindarrak dira. Beraiekin egon gara, eta proposamenak aurkeztu dizkigute”. Saihesbidea ez da egingarria, Oiarbideren ustez: “Urteotan ingurumen betebeharrak asko aldatu dira, eta baldintzak asko zaildu dira”.
C2 proiektuak arazo nagusiei irtenbide ematen diela defendatu du. Honela zerrendatu ditu:
- “Mimendi etxeen parean estaltzea”. Baina bertako bizilagunek eta Herri Plataformatik salatzen dutenez, egitasmo horretarako ez dago aurrekontu zehatzik.
- “Ikastola parean eta Sorabillan pantaila akustikoak jartzea aurrikusten da”. Udalaren baimenaren zain dira ikastola parean jartzen hasteko, eta antza denez Sorabillan ere jartzen hastekoak dira.
- “Zarataren aurkako neurri integralak”. Hamar milioi euroko gastua iragarri du Foru Diputatuak.
EH Bilduren erantzuna
EH Bilduko bozeramaileak lehen adierazpenari erantzuna eman dio: “Andoaingo Udalbatzak hartutako erabakiaz hitz egin dugu, eta ez plataformaren izenean. C2ren aurkako mozioa kontrako bozkarik gabe onartu zen”. Udal teknikarien aurkako txostenak gogora ekarri ditu EH Bilduko ordezkariak eta saihesbidearen egitasmoa eguneratu behar dela adierazi dio: “Saihesbidea eguneratu behar da, bi alternatiben kostu erreala egiteko. EH Bilduk Aldundiari eskatzen dio aldebakartasuna baztertzea eta herritarekin auzia konpontzea. Aldundiak jarduna aldatu eta gaia behar bezala kudeatzeko borondatea izatea eskatzen dugu”.
Foru Diputatuaren bigarren interbentzioa
Eztabaidari amaiera ematen zion interbentzioa izanik, EAJ-PNVko bozeramaileak argudioak zorroztu ditu eta EH Bilduri kritika egiteko aukera baliatu du. Aldundiaren jarduna aldatzeko entzun duen argudioaren harira, hauxe erantzun du Foru Diputatuak: “Herritarrak ez dira denak orain injeniari izango. Proiektua herritarrekin adostu behar dela diozu. Hau ez da horrela egiten. Proiektua injeniariek egiten dute. Andoaingo Udaletxean izan nintzen iaz egitasmoa aurkezten, streaming bidez eskaini genuen. Proiektua egin eta informazio publikora jartzen da. Alegazioak jaso ditugu, eta alegazio horiei erantzungo diegu. Plataformekin egon gara, azkenekoarekin izan ezik. Ez da azaldu guregana”.
Sorabillakoen alde atera da berriro, Sorabilla-Errotagainen adierazpenetako bat bere eginez: “Sorabilla Andoaingo biriketakoa da”.
Andoainen Udal gobernu taldeko kide den alderdi sozialistarentzat ere bidali du mezua, zeresana eman dezakeen argudioa mahai gainean jarriz: “Udalarekin ia bi urte pasa ditugu lanean eta orain arte ez du kontrako iritzirik eman. Orian arte. Eta elkarlanean aritu gara”.
Bada, Batzar Nagusietan bertan zegoen Maider Lainez alkatea. Bere presentziaren berri eman du sare sozialen bidez zabaldu duen mezuan:
He asistido al pleno de Juntas Generales, para escuchar la intervención de la Diputada de Carreteras en torno al proyecto de trazado C2, para la mejora de la conexión de la A-15 con N-I en Bazkardo sentido Tolosa.
— Maider Lainez (@MaiderLainez) September 21, 2022
Seguiremos defendiendo los intereses de #Andoain y su ciudadanía. pic.twitter.com/0MsfC36fpy
Eta, azkenik Foru Aldundiko diputatuak bere jarduna defendatu du: “Gauzak behar bezala egin ditugu, informazioa emanez. Orain tokatzen zaigu alegazioak aztertzea, onartu daitezkeenak onartu eta onartu ezin daitezkeenak argumentatuko ditugu. Gure ibilbidea oso argi daukagu: Arazo handia dugu N1 eta A15 elkartzen diren tokian. Legealdi honetako lehentasun bat da, ez bada garrantzitsuena. Eta horretan ari gara”.
Batzar Nagusietako eztabaida, bideoan ikusgai
1:33:00 minututik aurrera ikusgai dago eztabaida, gaurkoan Batzar Nagusietan eman dena.