Talde izaera sendotzeko aurkezpen-ekitaldia

Aiurri 2022ko ira. 22a, 10:54

Denboraldiaren aurkezpena egin zuen Leizaran Eskubaloi taldeak, aurreko asteburuan. Jokalari guztiak, banan-bana, aurkezpen-ekitaldiko protagonista bilakatu ziren. Talde izaera sendotzeko aurkezpen-ekitaldia izan zen.

Klubaren izenean bi kirolari gaztek egin zuten adierazpena hauxe izan zen: “Kirol emaitza onak lortzea da gure helburu nagusietako bat, baina ez dugu inoiz ahaztu behar, kirol-emaitza onak, gure entrenatzaileek gidatuta egin behar dugun ezinbesteko ikaskuntza eta ahalegin prozesu baten ondorioz iritsiko direla. Ikasten segitzeko gogoz gaude, prest gaude gogor saiatzeko, eta Leizaran mailarik gorenera eraman nahiko genuke. Kirol emaitzez gain, beste desio bat dugu 2022-2023 denboraldi honetarako, eta desio hori gure klubarekiko dugun sentimendua gainerako andoaindarrei transmititzea eta kutsatzea da. Andoaingo txoko guztietara zabaltzea. Harmaila hauek andoaindarrez bete behar ditugu, zeren eta gure zaleen txalo eta animo beroak izango baitira hainbeste desiatzen ditugun kirol-garaipen horiek lortzen lagunduko digutenak.

Asko gara era batera edo bestera gure aletxoa jartzen dugunak gure nahiak bete daitezen. Beraz, gure aitormenik zintzoena klubeko bazkideei, gure gurasoei, epaileei, erakunde babesleei, erakunde publikoei, elkarte gastronomikoei eta merkatariei, lantaldeei eta zuzendaritzari".

Udan istripuan hil zen Jon laguna gogoan izan zuten taldekideek

Hauxe da irakurri zuten adierazpena: "Dakizuen bezala, aurtengo denboraldia berezia izango da iaz lortu genuen igoeragatik. Udan, gutako bakoitzak, denboraldi berrirako prestakuntzari ekin genion ahalik eta maila hoberena erakusteko. Zoritxarrez, prestaketa lanetan ari ginela, azken urte hauetan sortu dugun familiako kide garrantzitsu bat joan zaigu. Leizarango senior mailako taldearen izenean, Jon Ibañez taldekidearen galera sentitzen dugu. Pertsona irribarretsu eta jator gisa oroituko dugu, zeinak zelaian eta zelaitik kanpo giro zoragarria sortzen zuen. Azken urtean, ikasketak medio ezin izan zuen eskubaloian jokatu, beraz, aurtengoan, itzulerarako ilusio handia zuen. Denboraldi berriari begira, inoiz baino gehiago borrokatuko dugu emaitza onak lortzeko, Jon lagunari eskaini eta erakusten zuen ilusio hori zuei helarazteko. Jon Ibañez harro sentitzea espero dugu. Eskerrik asko".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!