Andoain Euskaraldia'22

"Euskaraz parranda ere egin daitekeela eta euskal abesti zein letrekin giroa sortu daitekeela berrestera goaz"

Ainhoa Manterola 2022ko ira. 23a, 09:00

Itxaso Sanchez eta Nagore Huizi "Nago" Elektropottotte taldeko kideak dira. Uztailean jo zuten lehen aldiz Lasarte-Orian, eta, uda lanean igaro ondoren, kaleak dantzan jartzen dabiltza herriz herri. Andoaingo ospakizunean parte hartuko dute.

Duela gutxi sortu zen Elektropo-ttotte elektrotxaranga. Nolakoa izan da hasiera? Zein sentsazio duzue?

Itxaso Sanchez: Taldekide batek idatzi zidan abeslaria behar zutela esanez eta animatu egin nintzen.

Nagore Huizi "Nago": Aspaldi sortu zen ideia. Ideia eta gogo horiek, ordea, airean egon dira urte honen hasierara arte. Otsailean ideiari eutsi genion eta taldea sortu genuen. Horietako batzuk entseatzen hasi ziren. Parranda giroan taldeko pare batek txindatak jotzeko proposamena egin zidaten eta ezin ezezkoa eman! Taldea oraintxe bertan motibatuta dago eta oso giro ona dugu. Ilusioz hartzen ari gara lehen kontzertuak.

Neskek eta genero disidenteek osatzen duzue taldea. Erabaki bat al da? Eta zergatik?

I.S.: Elektrotxaranga asko dago, baina horietako gehiengoa gizonez osatuta dago. Errepertorio aldetik ere, batik bat, gizonezkoek egindako kantak izan ohi dira, oihuka eta agresibitate puntu batekin abesten dituztenak. Maskulinitatearekin lotzen diren espazioak dira. Errepertorio aldetik badago aldaketa, elektrotxarangari horren lotuta ez dauden kantak jotzen ditugulako. Bestetik, geuk eta entzuleek gozatzeko helburuarekin egiten dugu, egiten dakiguna erakusteko, beldurrik gabe, batzuetan ondo eta beste batzuetan ez horrenbeste, baina gozatuz. “Mamarratxa” batzuk izateko gaude hemen. Gizonezkoei onartzen zaizkien gauzak dira, baina emakumeei gehiago exigitzen zaigu, batik bat, jendaurrean.

N.H.: Taldekide guztiak neskak eta genero disidenteak izatea eta eredu maskulino horri lekurik ez egitea hautu politiko bat da. Elektrotxaranga ulertzeko modu gehiago daudela erakutsi nahi dugu.

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de 🔥 ElektroPottotte 🔥 (@elektropottotte)

Janzkera ere bada talde gisa bereizgarri duzuen zerbait. Zergatik janzkera horiek?

I.S.: Oñatiko topaketa feministetan “Chocolate Remix”-en kontzertua zegoen, eta taldekide bati eta niri, bertan ezagutu berri ginenak, haien janzkera gustatu zitzaigun. Beraz, horrelako zerbait egin nahi genuen, bakoitzak bere estiloan, noski. Nire erreferentea, adibidez, Nago izan zen. Mozorro bat janztearen antzerakoa iruditzen zitzaigun.

Jantzi eta pertsonaia bat sortuko bagenu bezala da eta horrek aukera ematen du beste nortasun bat ateratzeko. Niri asko laguntzen dit eta asko errazten dizkit gauzak. Jantzi eta beste norbait bihurtzen naiz, “Maritrini”, adibidez.

N.H.: Janzkerak perfektuak ez garela onartzeko aukera ematen digu, azken finean, “performance”aren parte da. Horretaz jardun genuen aurrekoan taldean, nola eragiten duen betaurreko soil batzuk janzteak, nola bihurtzen garen nahi gabe beste pertsonaia batean, eta hori kenduta jarraitzen dugun geu izaten: Itxaso, Nago eta taldeko beste guztiak.

Andoaindarrak zarete eta irailaren 30ean Andoainen joko duzue lehen aldiz. Zein sentsazio dituzue? Orain arteko kontzertuekin alderatuta ezberdina izango dela uste duzue?

N.H.: Lezora eta Santueneara inguruko lagunak joan zaizkigu ikustera, baina herritik kanpo izan dira emanaldiak. Andoaingo emanaldirako urduritasun gehigarri bat dago, azken finean, herrian jotzen ari gara, horrek dakarrenarekin: jende ezagun gehiago, begirada ezagun gehiago… Era berean, ez dakigu jendeak zer ulertuko duen eta zein interpretazio egingo duen, hau da, nola jasoko duen gure elektrotxaranga. Horrek urduritasun handia eragiten dit. Aldi berean ilusio handia egiten dit Andoainen jotzeak.

I.S.: Guztiz ados. Janzkera bat dugu eta sortutako pertsonaia, baina era berean, biluzte bat da. Beldurrak agertzen dira. Betiko Nago eta betiko Itxaso oso ezberdin ikusiko dituzte.

N.H.: Bai, herriko jendeak pertsona gisa ulertu eta irakurriko gaitu, ez pertsonaia moduan.

Euskaraldiko aurkezpen festan joko duzue. Herrian Euskaraldia bezalako ekimenak antolatzea garrantzitsua iruditzen zaizue? Zergatik?

N.H.: Betiko moldeak alde batera utzi eta horrelako ekintzak eta festak egitea baloratzen dut. Musika baliabide bat da eta nagusiki euskal abestiak jotzen dituen elektrotxaranga gara. Gure hautu bat da, eta, Euskaraldiko aurkezpen festan joko genuela ikusita, erronka jarri genion geure buruari: ia zenbat euskal kanta ekar genitzakeen elektrotxarangara. Ezin dut gehiegi aurreratu, baina errepertorioan aldaketak egongo dira.

I.S.: Bai, euskaraz parranda ere egin daitekeela eta euskal abesti zein letrekin giroa sortu daitekeela berrestera goaz!

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!