Euskaraldiko aurkezpen festa girotzen lagunduko duzue irailaren 30ean. Nola aurkeztuko zenuke zure taldea eta zein estilo lantzen duzue?
Duela 22 urte sortutako batukada da Mulambo. Garai hartan batukadak ez ziren orain bezain ezagunak. Brasildik, zehazki Rio de Janeiro ingurutik zetozen erritmoak lantzen genituen hasiera hartan, Bilboko batukada talde batengandik jasotako eskolen laguntzaz. Hortik aurrera, geroz eta gehiago sakontzen joan ginen eta afrikar erritmoak ezagutzeko aukera ere izan genuen. Nahiago genituen horiek eta horri heldu genion. Beraz, afrobrasildar kutsuko erritmoak joko ditugu. Horrekin batera, afrikar jatorria duten pertsonak taldean sartuz joan dira, eta ekarpenak egiten dituzte. Brasil, Afrika eta euskaldunok jartzen dugun saltsa uztartzen ditugu.
Tolosako jaietan ehunka lagun izaten dituzue atzetik. Nola deskribatuko zenuke sentsazio hori?
Mulamborentzat egun seinalatua da Tolosako kuadrilla eguna. Gure sorreratik ia urtero jo dugu bertan, eta guretzat oso polita da. Izan ere, kuadrillek antolatzen dute eguna eta hasi ginenean gure adin beretsuko kuadrillek antolatzen zuten eguna. Orain, taldeko gehientsuenok berrogei urtetik gora ditugu, baina, hala ere, kuadrillen egunean aritzeko deitzen gaituzte. Gogoan hartzen gaituztela ikustea pozgarria da oso.
Tolosarra zara baina Andoainen bizi zara. Zer iruditzen zaizu herrian Euskaraldia bezalako ekimenak antolatzea?
Beharrezkoa. Batez ere euskara ulertu bai, baina hitz egiteko beldurra duen jendea badagoelako. Euskaraldia bezalako ekimenak antolatzeak pertsona horiei aukera bat ematen diela iruditzen zait. Agian ez da hitz egitera iritsiko, baina erabiltzen ditugun Ahobizi eta Belarriprest txapekin badakizu pertsona horrek prestutasuna duela, ulertzen duela eta euskaraz hitz egin diezaiokezula; eta, beharbada, animatuko da hitzen bat esatera. Beraz, pertsona horiei euskarara gehiago gerturatzeko aukera polita dela iruditzen zait.
Ez dituzue emanaldi gehiegi eskaintzen. Gogotsu al zaudete Andoaingora hitzordurako?
Guretzat elkartzeko aitzakia da. Kontzerturik lotuta eduki ezean, zaila egiten zaigu elkartzea, gutako asko familiak baikara. Konpromisoa hartzen badugu entseatzeko elkartu behar gara. Aitzakia polita da eta motibazioz beteta gaude.