"Geureak eta geure atzetik erretiroa hartzen joango direnen eskubideak defendatu nahi ditugu"

Xabier Lasa 2022ko ira. 24a, 09:00

1996an ADEGIk eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Geroa erakundea osatu zuten, metalaren sektorean pentsio osagarriak osatzeko asmoz.

Horrela, hilero, langileek eta enpresek egindako diru ekarpenarekin, langileen pentsioei errenta bat eransteaz gain, ezintasunarekin, lan-istripuekin eta heriotzarekin lotutako egoerak babestea erabaki zen. Estatuan aitzindaria izan zen egitasmoa, eta egun, Gipuzkoako 20 lan-sektoreetara iritsi da Geroa, hots, hiru langiletik bat hartzen ditu kontuan. 2019ko abuztuan, Geroa Pentsioak-eko bazkide batzuk, erretiroa hartu ostean, Geroak Kaltetutakoen Plataforma eratu zuten. Basteron, joan den ekainean batzar jendetsua (500 lagun) egin zuten, hainbat aldarrikapen eginez. Elkarretaratzea deitu dute Donostian, larunbat honetarako. Ana Mendikute andoaindarra eta Joxe Mari Lazkano zarauztarra kaltetuen plataformako kideak dira.

Zergatik sortu zenuten plataforma?

Joxe Mari Lazkano: Geroa Pentsioak sortu izana langileontzat konkista handia izan zen. Baina gutxi gora behera 2017az geroztik erretiroa hartzen joan garen bazkide ugari ohartu gara baztertuak sentitzen garela. Izan ere, 45.120 euroko topea edo muga aplikatzen ari dira, eta zenbateko hori baino gehiago duten langileak 190 euro inguruko errenta hartzera behartzen dituzte hogeitik gora urtez.

Ana Mendikute: Behin erretiroa hartuta, langile guztiek ezin dugula diru guztia aldi berean eskuratu ari gara salatzen. Geureak eta geure atzetik erretiroa hartzen joango direnen eskubideak defendatu nahi ditugu.  

J.M.L.: Azken batean, estatutuak aldatzea eskatzen dugu, bazkide langile bakoitzak aukera izan dezan bere ekarpenak errenta edo kapital moduan erreskatatu ahal izateko, 45.120 eurotik beherako ekarpena egindako langileek egin dezaketen duten bezala. Alde horretatik, konparaziozko bidegabekeria ari dira ezartzen bazkide batzuen eta besteen artean. Izan ere, zein da Geroa guri esateko erretiroa nola gozatu behar dugun? Orain asko ez dela, Geroaren kudeatzailea den Virginia Oregik Madrilgo kongresuan zera adierazi zuen, ez zela komeni bazkideek kapitala berreskura zezaten, modu ezegokian erabil zezaketelako. Bada Geroako kudeatzaile nagusiari garbi esan nahi diogu ez dugula inork tutelatzerik nahi. Ez gara haurrak, eta geuk erabakiko dugu nola berreskuratu urtetan pilatzen joan garen diru hori.

Geroaren estatutuetan du oinarri muga jartzeak.

A.M.: Horrexegatik eskatzen dugu alda ditzaten. Denon ongizaterako alda badaitezke, zergatik ez egin hori? Izan ere, komeni izan zaienean azkar asko aldatu izan dituzte estatutuak.

J.M.L.: Bazkideoi ez ziguten jakinarazi topearen arau hori ezarri zutenean 2000-2001ean. Egiazki, ilunkeriarekin funtzionatzen dute Geroako kudeatzaileek. Esaten zaigunez, bazkideek 44 ordezkari dauzkagu Geroan, baina gero saiatzen gara jakiten nortzuk diren horiek eta ez digute ezer zehazten, urteko batzarretan parte hartzen ere ez digute uzten. Hitza eta botoa ukatzen zaizkigu bazkideoi, azken batean. Irabazi asmorik gabeko entitatea izateko jaio zen, baina gaur egun, Euskadiko finantza-erakunde handienetakoa bilakatu da Geroa, “Euskorralitoa” eratu dutelarik. 2.200tik gora milioi eurotako ondarea dauka, eta 200.000 bat bazkide gara, eta beraz, egin kontu hilero zenbateko dirutza biltzen den… Bada, inbertsio-funtsa, zor publikoa, Eusko Jaurlaritzarentzako maileguak…, edo dena delako formulak erabiliz bidera dezatela Geroaren diru-funtsa, etekinak atera ditzatela, baina kapital hori geurea da eta eskubide osoa daukagu nahi dugun moduan berreskura dezagun.

Geroa erakundeko kide dira lau sindikatu. Horiekin egon zarete?

Isiltasuna da beraien erantzuna, edota argudiatzen dizuten gauza bakarra da estatutuak hala jartzen dutela eta ez ezin dela ezer egin. Ulertzen oso zaila den egoera bizi dugu, penagarria da! Geuk ordaintzen diegun Geroako kudeatzaileek ez dute gure ordezkariak diren abokatuekin hitz egin nahi.

Epaitegietan demandak jartzen hasi zarete, eta jada bi epaiketa burutu dira.

Bai, gure protesta kaleratzeaz gain gatazka bide judizialetik eramatea beste alternatibarik ez zaigu geratzen. Bi epaiketa egin dira orain arte, eta gehiago etorriko dira atzetik, demanda ugari jarri baititugu Asufin Finantza Erabiltzaileen Elkarteko abokatuen eskutik. Egia da gure aldarrikapenari bizkar eman diola lehenbiziko epaiak, baina deigarriak dira epaiketa horretan lekukoren batek adierazitako gezurrak. Epaiak epai, ez dugu etsiko, ziur gaude badirela epaileak gatazka modu justuago batean epaitzen jakingo dutenak.

Madrilgo abokatuengana jo duzue, arrazoi berezirik bai horretarako?

J.M.L.: Herrialdeko zenbait abokatuen bulegoetara jo dugu gu defendatzeko eskatuz, baina ezinezkoa egin zaigu. Ohartu gara Geroak eragiteko ahalmen handia daukala herrialdean. Horrexegatik jo behar izan dugu Gipuzkoaz kanpoko defentsa-zerbitzu batengana. Oraingoz 1.200 bazkide kaltetu bildu gara ASUFIN finantza-erabiltzaileen elkartearen babespean. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!