"Oihalezko konpresak egiteko lantegia, emakumeen* artean batzeko eta gure alternatiba propioak sortzeko modua da. Lantegi horretan, alde batetik, hilekoaren odola jasotzeko erak zeintzuk diren ikusiko dugu, horiek erabiltzeko moduak eta osasunean izan ditzaketen ondorioak. 12 urtetik aurrera egin daitekeen lantegia da". Horrela aurkeztu dute ikastaroa Andoaingo Jabekuntza Eskolako kideek. Uxue Urzelai Dorronsoro izango da dinamizatzailea eta urriko hiru asteartetan burutuko da. Izena eman daiteke jabekuntza.andoain.eus webgunean sartuz edota berdintasuna@andoain.eus emailera posta elektronikoa idatziz. Ikastaro guztiak doakoak izango dira.
Hori ez da ikastaro interesgarri bakarra izango. Eskaintza zabalagoa da.
Konfiantza sortu eta elikatu
Izenburu horren pean, azaroan, bi orduko launa saio eskainiko ditu Nerea Redondo Otamendik. Horrela aukreztu dute ikastaroa antolatzaileek: "Zer da konfiantza? Nola sortzen da? Nola elikatzen da? Niregan konfiantzarik ba al dut? Eta besteongan? Zer harreman daukat nik konfiantzarekin? Geuregan eta eta besteongan konfiantzaz aritzeak, begirada eta bizipenak aldatzen dizkigu. Geure gaitasun eta ezaugarriez lortzen dugun sinesmenari deitzen diogu konfiantza. Beraz, besteek guregan sinesten dutela sentitu ahal izateko, lehenik geuk geure burua balekotzat emateko lanketa egingo dugu". Saioak Urigainen izango dira.
Nire gorputza gudu-zelai bat da
Ikastaro teoriko-praktikoa da, eta "edertasun-kanonetan eta gure gorputz-eskarmentuan sakonduko dugu, gizentasunfobiaren aurkako ikuspegitik. Edertasun-kanonetan izandako aldaketa historikoak ezagutuko ditugu, edertasunak eta argaltasunak gaur egungo gizartean duten balioaz hausnartuko dugu eta bizipenak partekatuko ditugu, guztien artean gorputz ikusgarriago bat eraikitzen saiatuz". Irati Garciak emango du tailerra, gaztelaniaz. Abenduaren 13an eta 20an izango da, eta izena emateko epea zabalik dago.
Nire bizitza berreskuratzen
Urrian eta azaroan Johana Muñoz Castillok zuzenduko du tailerra. Honako hauxe da aurkezpen-txartela: "Konplizitate-gune bat izango da, gatazkatsuak izaten ari diren banaketa-prozesuei buruzko hausnarketak partekatzeko. Prozesu horietan, gure bikotekide ohiarengandik espero ez genituen jokabideak ager daitezke, eta ondoez emozionala, nahasmena, ziurgabetasuna nahiz zalantzak sor daitezke. Kaltetzen gaituena atzean uzteko eta tratu onaren bidez harremanak izateko modu berriei leihoak irekitzeko aukera emango diguten tresnak eskuratuko dira. Zure burua zaintzeko, ezagutzeko eta hazteko leku bat behar baduzu, zure zain egongo gara".
Ikastaro-sorta Andoainen
Kosmetika naturala, oinarrizko lan mekanikoak, serigrafia, batukada, autodefentsa... Aukera zabala Andoainen, udazken-neguan.
Informazio gehiago: jabekuntza.andoain.eus