Andoain Euskaraldia'22

Euskaraldiaren edizio berrian izena emateko epea zabaldu da

Ainhoa Manterola 2022ko ira. 28a, 07:15

Euskararen aldeko ariketa kolektibo berria abiatzear da.

Geroz eta hurbilago dago Euskaraldiaren edizio berria eta norbanakoek hilabete honetan bertan izen-ematea berretsi beharko dute. Partaide berriei begira, gaurtik aurrera izango dute izena emateko aukera. Mihia eta belarria astintzeko ariketa kolektiboa iristear da.

Euskal Herri osoan zabaldutako ariketa soziala da Euskaraldia. 2018an abiatu zen eta hirugarren edizioa izango da aurtengoa, 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean gauzatuko dena. Edizio berri honen leloak dioen bezala, Hitzez ekiteko garaia dela hedatu nahi da gizartean, hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea dela, alegia.

Irailaren 28tik aurrera parte hartzaileek Ahobizi edo Belarriprest modura izena emateko aukera izango dute. Aurreko edizioetan parte hartu duten herritarrek izen ematea berresteko mezu bat jasoko dute haien helbide elektronikoan, eta nahi izanez gero Ahobizi-Belarriprest rola aldatzeko aukera ere izango dute. Lehenengo aldiz parte hartu nahi dutenek, ostera, izen ematea egin beharko dute Euskaraldiko webgunean. Bestalde, aurreko edizioetan bezala, entitateek rol berezia izango dute, eta beraz, mota guztietako entitateetan (enpresak, kultur eta kirol elkarteak, etab.) Ariguneak osatzea da asmoa. Euskaraz lasai aritzeko guneak izango dira, herrian eta herritarrengan eragile izango direnak. Arigune gisa izena emateko epea zabalik dago eta hortaz, parte hartu nahi duen entitate orok  izena eman edo berretsi dezake jada.

Ariketaren gakoa parte hartzaileen jarreran eta jokaeran egongo da batik bat. Kontua ez da norberak zenbat dakien, egunerokoan zer egingo duen baizik: Ahobiziek euskaraz hitz egingo dute euskara ulertzen duten guztiekin. Belarriprestek, ostera, haien aukeren arabera euskaraz noiz eta norekin egin erabakiko dute, baina euskaraz dakien orok haiekin euskaraz hitz egitea ahalbidetuko dute. Hartara, euskararen erabilera indartzeko urrats praktikoak ematea da helburua. Euskaraldia, hortaz, ariketa zein erronka pertsonal zein kolektiboa da,15 eguneko epean hizkuntza-jarreretan eta ohituretan arreta jartzea eskatzen du, inertziak hausteko ahalegina egitea. Ekimena bera denboran mugatua bada ere, aurrera begirako bidea zabaltzen du, izan ere, ekimenetik abiatuta urrats berriak ematen jarraitzea da helburua, eta ekimenaren ostean euskarazko harremanei eustea. 

Hirugarrenean, indarberrituta

2018an ilusioz eta grinez ekin zitzaion Euskaraldiaren ideia berritzaileari eta lehen edizio hartan milako norbanakok egin zituzten 11 egun euskaraz. 2020an izan zen bigarren edizioa, pandemia betean. Egoera hark zeharo baldintzatu zuen prozesua, baita ariketa bera ere: ekimenaren ikusgarritasunean eta kale presentzian zein giroan eragin zuen; eta harremanak mugatzearekin batera, urriagoak izan ziren komunikatzeko eta ariketa burutzeko espazioak eta aukerak. Aurten, berriz ere, kaleak hartzeko gogoz dator Euskaraldia, kalea bera Arigune bilakatzeko asmoz. 

Euskaraldia Andoain aldean, ekimena martxan da 

Eskualdea ere indarberrituta dator, eta herrietako Euskaraldiko batzordeak martxan dira dagoeneko. Ekimena azaroaren 18an hasiko bada ere hainbat ekintza egingo dira aurretik. Horietako batzuk iragarrita daude, esaterako, Oianume jatetxe ezagunean Euskaraldiako bertso afaria izan zen irailaren 23an. 

Astebete beranduago, eta Euskaraldian izena emateko epea zabaltzearekin batera, aurkezpen-festa egingo da Andoaingo kaleetan. Mulambo perkusio taldea ariko da kalejiran, Basterotik abiatu eta Bekoplazaraino. Han bokata-afaria egingo da, Elektropottotte elektrotxarangaren emanaldiarekin batera. 19:00tan hasiko da festa, Maizorriren parte hartzearekin. Helburua gazteak eta familiak bertaratzea izango da.

Euskaraldia Aiztondo aldean

Aurreko edizioetan lanean aritu ziren boluntarioei komunikazioa iritsiko zaie laster, hilabetearen amaieran ekimenan murgiltzera gonbidatuz. Astelehen honetan egin zuten Zizurkilen hastapeneko bilera. Urrian zehar internet bidez ekimena aurrera ateratzen laguntzeko deialdi ezberdinak egingo dituzte. 

Galtzaundi euskara taldea ari da bideratzen ekimena eskualdean, eta dagoeneko interesa duenak e-posta idatzi dezake galtzaundi@euskaraldia.eus emailera. Edo Galtzaundira deitu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!