Berrehun lagunetik gora elkartuko dira ostiralean, bokata-afarian. Euskaraldiaren aurkezpen-festa txalapartarekin abiatuko da, eta elektrotxarangarekin amaitu.
Arratsaldeko 19:00tan hasiko da ospakizuna Bastero Kulturgunearen parean dagoen plazatxoan. Maizorri taldeko txalapartariek emango diote ospakizunari hasiera, eta segidan Mulambo perkusio taldearen kalejira abiatuko da. Plaza Moretik abiatuta euskaltzaleak afrikar doinuen erritmoan dantzan jarriko dituzte. Bidean geldialdiak egingo dituzte Kale Nagusian. Euria dela eta, Makaldegian bokata-afari musikatuaz gozatu ahal izango da. 5 eurotan bokadiloak eskainiko ditu antolaketak. Era berean, Euskaraldiaren materiala erosteko aukera izango da. Belarriprest edo Ahobizi denak zalantzak argitzeko informazio puntua izango du bertan. Eta eguna borobiltzeko, gaueko 21:00tan Elektropottotte elektrotxarangak musika emanaldia eskainiko du Makaldegian bertan. Jaiaz eta euskaraz gozatzeko eguna izango da. Gaueko 22:00tan amaituko da festa.