Andoain Euskaraldia'22

Adin guztietako andoaindarrek bat egin zuten Andoaingo Euskaraldiaren aurkezpen-festan

Aiurri 2022ko urr. 1a, 09:27

200 lagunetik gora lagun elkartu zen afarian. Euskaraldia iristerako, abiada bizia hartuta egongo dira Andoainen.

Atertu zuen arratsaldean, baina 19:00ak iristear zirenean euria gogotik ari zuen. Horrek eragin zuen jaialdiaren atzerapena. Plaza morean abiatu zen ekitaldia, Maizorrikoen parte hartzearekin. Gaueko 22:30ak arte, dozenaka lagunek euskararen aldeko festaz gozatu ahal izan zuten.

Bastero plazan, eta Ixiar Orejak aurkeztua, txalapartariekin abiatu zen ospakizuna. Urteurreneko festan murgilduta daude Maizorriko kideak, eta egun hauetan ikusgai dute erakusketa. Gaurkoan ekitaldiz beteriko eguna dute aurretik. 

Txalapartarien emanaldia eta gero, Mulambo perkusio taldeak Afrikako doinuak ekarri zituen Andoainera. Burrunba hotsak urrutitik entzun zitezkeen, Kale Nagusian saioa eskaintzen ari zirela.

Kale Nagusitik Makaldegira eraman zituzten euskaltzaleak, bertan egin baitzen azkenean bokata-afaria. Aritz Agirre DJ Ezekiel disko-jartzailearen emanaldiarekin osatu zen ospakizuna. 22:30etarako amaitu zen, eta minutu gutxira Makaldegiko gune estalia gaurko azokarako txukun-txukun zegoen.

Lagun askoren lanari esker

Hogei lagunetik gora aritu zen lanean, ostiral arratsaldean hasita. Irunberri elkarteko sukaldean 200dik gora bokadillo prestatu zituzten. Zortzi lagun aritu ziren lan horretan. Eta beste hainbeste barran lanean, arropa saltzen eta bestelako antolaketa lanetan. Haiei guztiei esker abiatu da Euskaraldiaren aldeko ekimena.

Hitzez Ekiteko Garaia da, dio Euskaraldiko aurtengo lelo nagusiak. Andoainen euskaltzaleak gogotsu daude, eta dagoeneko abiada hartu dute. 

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!