Goizeko 10:00etan, San Martin elizako dorrera igo eta txalaparta doinuez elizako kanpai nagusia astindu zuten, “gure ttakun eta herrenak lau haizeetara zabaltzeko” asmoa eta gogoa bete ahal izan zuten txalaparta jotzaileek era horretan.
Ondoren, Juanita Alkain plazara jaitsi, eta bertan “Kirikoketa” saioari ekin zioten, ikusle ugariren aurrean. Sagardoa ekoizteko sasoian, baserrietan, sagarrak jotze horretan erabiltzen zuten lanabesetik dator Kirikoketa musika tresna zaharra. Bada, Maizorrio kideek iragarria zuten bezala, “Kirikoketaren erritmoaz sagarra zanpatu eta tolarean estutu ondoren zukua edan eta sagardoa egin” zuten; eta bien bitartean, zenbait txalapartariek makilak ederki astindu zituzten.
Ikuskizun bihurtu zuten sagardoa ekoizteko lan prozesu horren emaitza, mosto gozo-gozoa izan zen, eta Juanita Alkain plazara bertaratu ziren herritarrek bertatik zurrutadaren bat edo beste egin ahal izan zuten, mokadu bat janez batera.
Bi ikuskizunak txukun burutu ostean, 14:30ean, hirurogei lagunez osatutako txalaparta zaleen kuadrillak babarrun-jate herrikoiarekin gozatu ahal zuen, Etxeberrieta plazan.
18:30ean, mahaietatik altxa, eta Txala Bertso poteoari ekin zioten tabernaz taberna, Punttuka bertso eskolako kide eta txalaparta ibiltariarekin batera.
Ilunabarrean, 20:30etik aurrera, Txalaparta Party Apartak eta DJ Barru-k amaiera eman zioten egon osoko festari.