Honako hiru ondare artistikoak hartu ditu gogoan Bazkunak: Goikoplazan falta diren bi erpinburuak, 1987an eraitsitako Izturitzagatxiki baserriko ateak eta leiho multzoak osatzen zituzten harlanduak, eta, baita ere, 2008an eraitsitako Buruntza-Etxeberri baserriko ate-leihoteria.
Andoaingo Udalari egin dio eskakizuna, hiru ondareak bere jabetzako eta eskumenekoak direla-eta; Udaleko Hirigintza eta Kultura sailei, zehatzago esateko.
Aurtengo apirilean luzatu zion eskakizuna Bazkunak Udalari; oraingoz ez du erantzunik jaso, baina legealdia bukatu aurretik gaia konponbidean jarriko den itxaropena dauka Bazkunak.
Goikoplazako bi erpinburu
Goikoplazan sei erpinburu edo pinakulu behar lukete egon, eta horietako bi falta dira aspalditxotik; puskatu, lurrera erori eta udal zerbitzuek udal biltegira eraman zituzten biak bere garaian.
Dekorazioa xede duen elementu arkitektonikoa izaten da pinakulua, arkitektura gotikoarekin batera zabaltzen hasi zena.
Orain bi urte pasatxo, Bazkunak Udalari Goikoplazako bi erpinburuei buruzko lehenbiziko eskakizuna egin zion, “Goikoplazako multzo arkitektoniko-historikoaren barruan (eliza+udaletxea+plaza) aspaldi erorita eta bertatik eramanda dauden bi erpinburu edo pinakulu zaharberritu eta dagokien lekuan berriro jar zitzan, guztiz galdu aurretik”. Nolanahi ere, geroztik ez duela erantzunik jaso erantsi du euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkarteak.
Bestalde, Bazkunak eskaeran jakinarazi duenez, eroritako bi erpinburuak Udalaren Olagain auzuneko OPUAn daude, “duela gutxi bertako arduradunarekin egindako ikustaldian egiaztatu ahal izan genuenez”.
Bazkunak uste du harriaren zaharberritze lanetan eskarmentua duen enpresa baten esku hartzea ezinbestekoa gertatzen dela, bi erpinburuak dagokien lekuan jartzeko.
Manuel Larramendi Kultur Bazkunari ez zaio iruditzen lan zaila izan behar duenik erpinburuak beren tokian ezartzea “aurten bertan edo hurrengoan –aurrekontuak ezinezko bihurtuko balu– jarri litezke”.
Izturitzagatxiki baserriko harlanduak
Karrika auzoan kokatzen zen baserria, Izturitzaga Dorretik gertu, eta 1987an eraitsi zuten, errepidea zabaltzeko; baserriak, orain ezagutzen den bidegurutzeko zati handia hartzen zuen orduan. Oiartzabal Rezola familia bizi zen baserri horretan orduan.
Nolanahi ere, baserria eraitsi aurretik, Izturitzagaberri etxea eraiki zuten trenbidetik gertuago.
Eraisketa egin zutenean, orduko Udalak baserriko ateak eta leiho multzoak osatzen zituzten harlanduak zenbakitu eta jaso egin zituen; Jose MarÌa Viguera orduko udal aparejadoreak zuzendu zituen lan haiek. Harlandu horiek, berehala txertatuko zituztela eta, behin-behingoz udal-hilerrian gorde zituzten. Beste nonbait berreraiki egingo zituela agindu zion Udalak Oiartzabal Rezola familiari.
Gauzak horrela, 35 urte igaro dira, eta Bazkunak etsipenez gogorarazi duenez, “sastrakak eta landareek guztiz janda, auskalo zein egoeratan, egoera penagarri batean” daude.
Bi urratsetan oinarritutako proposamena egin du Bazkunak. Lehenbizi, “harlanduak Pagamendiko hilerri ondotik hartu eta udal jabetzako aterpe batera eramatea lehenbailehen. Bertan, udal artxiboan dauden agiri grafikoen laguntzaz, aparejadore edo berriztatzaile aditu batek dagokien hurrenkeran jar ditzan jakiteko osagai guztien une honetako morfologia”.
Bigarrengo urratsak, harlanduak beren jatorrizko lekura eramatearekin dauka zerikusia: “Behin argituta zer daukagun, hori baliatzea Izturitzaga jauregian bertan edo inguruan horren osagarri eraiki litekeen egituraren batean txertatzeko, jatorrizko kokalekura itzuliz”.
Ekimena epe erdira egingarria dela iruditzen zaio elkarteari; jakina, betiere “ondare historiko-artistikoaren zaharberrikuntzan aditua den arkitektoren baten txostenak” gidatuta.
Buruntza-Etxeberri baserriko ate-leihoteria
Buruntza-Etxeberri baserriaren azken urteetako kronikak badu antzekotasuna Izturitzagatxikirenarekin. Buruntza mendiaren hego-mendebaldean zegoen, berriki eraitsi duten Illarramendi eta Elizaldeaundi baserrien artean. 1615eko da baserriaren gainean jasota dagoen lehen aipamen idatzia (ikus, USABIAGA, Amaia: Andoaingo Toponimia. Euskaltzaindia eta Andoaingo Udalak elkarlanean, 1993. 295. or.).
A-15 Urumeako saihesbidea eta N-1 errepidea lotuko zituen biribilgune handia eraikitzen hasi zirenean eraitsi zuten, 2008an. Artean, Aranburu Artano familia bizi izan zen baserri horretan.
Garai hartan, bere ate nagusiko eta leihoetako harlanduak zenbakitu eta jaso egin zituzten. Bazkunak zehaztu duenez, “Foru Aldundiak eskaintza egin zion Udalari gorde beharreko arkitektura ondasun hori berreraikitzeko, Udalak egoki zeritzon lekuan… Baina Udalak ez zuen aukera hori baliatu, eta nahiago izan zuen harlandu horiek gordeta utzi, batek daki zeren zain… Une honetan, gure informazioa egokia baldin bada, Izturitzaga jauregiaren behealdean dago”.
Proposamen zehatza luzatzen du Bazkunak, “Andoaingo Udalak bere hainbat behar eta zerbitzuri erantzuna emateko xedez Ikutza-Illarramendi hirigunean habeartea edo zerbitzu azpiegitura eraiki behar duenez, eta aurten, 2022an, azpiegitura horren proiektua idaztea aurreikusi duenez, egokia litzateke azpiegitura horren aitzinean, sarreran edo horri lotuta, Buruntza-Etxeberriko ondasun horiek berreraikitzea, apaingarri huts izatetik areago eginkizunen bat emanez. Bulegorik izango bada, izan liteke alderdi horretan, izan liteke sarrerako atari gisa…”.
Irigoienazpikoa eta Izturitzaga jauregia
Oroitarazten duenez, 30 urte eta gehiago igaro dira, eta Udalak oraindik ez du ondare horiek biziberritzeko egitasmorik proposatu. Nolanahi ere, beste eskakizun batean jorratu beharreko gaiak direla iradokitzen du Bazkunak, “ez gara idatzi honetan horiei buruz jardungo, aparteko tartea behar dutelakoan”.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.