"Naturaz gozatzen ikasi dut etxean"

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Lasa 2022ko urr. 9a, 08:17

Olatz Igerategik hegaztien gaineko liburuxka didaktikoa idatzi du. Bisitarien Etxean doan eskura daiteke..

Olatz Igerategi ingurumen zientzietan tituluduna da. Leitzarango hegaztiak identifikatu liburuxka kaleratu du.

Helburu pedagogikoa igartzen zaio liburuxkari.

Halaxe da. Bisitarien Etxeko harrera-lanetan apirilean hasi nintzen, eta ordu batzuk egin ditut bertan jada. Hasi eta agudo ohartu nintzen Otieta parkeko eremutik bertatik atera gabe ere, zenbat hegazti espezie topa ditzakezun. Harrigarria da! Ni ez naiz aditua, eta orain gutxi arte laupabost hegazti –ez gehiago–bereizteko baizik ez nintzen gauza, baina Bisitarien Etxean nagoenetik izugarri ikasi ahal izan dut, begiekin erreparatu ahala. Iruditzen zait, edonork, ornitologoa izan beharrik gabe, bizi dezakeela neuk bizitu dudan prozesu pertsonala. Eta horrek animatu nau liburuxka egitera.

Gauzak horrela, ukitu didaktikoa eman nahi izan diot liburuxkari: hegazti bakoitzaren argazkiari, tamaina eta identifikaziorako zenbait ezaugarri erantsi zaizkio.

Hegaztiak bereizteko, zeintzuk dira kontuan hartu beharreko ezaugarriak?

Ezaugarri ugari: tamaina, lumajearen koloreak (bai pausatuta daudenean gorputzeko lumak, eta baita, hegan dabiltzanean azpialdekoak), isatsa, non ibili zale diren gehienetan (zuhaitzetan, lurrean, hegan…), ze habitetan mugitzen dira gehien (landa eremuan edo eremu urbanizatuan), kantua…

Zehazki, 34 hegazti aipatzen ditu liburuxkak. Ikusiak dituzu denak Leitzarango bailaran?

Bai, urubia eta hotz zuria ez beste guztiak, azken hilabeteetan. Lehengo batean, ikusten zaila den martin arrantzalea topatu nuen Olaberriko zentralaren ondoan, eta a ze poza hartu nuen!

Liburuxkaren sarreran irakur daitekeen bezala, horietako batzuk “Otietako mahaitik begiratuz” identifika daitezke, eta beste batzuk, “ipurdia altxa eta begiak zabalduz”. Hori bai, liburuxkak ez ditu Leitzarango hegazti guzti-guztiak biltzen.

Bitxia da ur zozoaren kasua, Unanibia zubiko harkaitzetan habia jartzen du.

Ikusgarria da benetan espezie horren jokaera. Bikote bat bada urtero leku berberera etortzen dena, apirila-maiatza aldera; beren txokoa “erreserbatuta” daukate. Habia jartzen dute, eta txitoak jaio eta gero alde egiten dute, errekan gora ziurrenik. Urpean igeri egiten dute eta bertako intsektu eta xomorroekin elikatzen dira. Beti dabiltza ipurdia mugitzen, dantzan bezala! Egin kontu, badira txori horren jokaera behatzera espreski etortzen diren ornitologoak; beren kamera handiekin, orduak eta orduak egin ditzakete txoriari begira-begira.

Otietako aisialdi tokia behatoki pribilegiatua da, liburuxkan aipatzen duzun bezala.

Ez dakit andoaindarrok behar adina jabetzen garen zein pribilegiatuak garen gertu-gertu daukagun altxorragatik. Herri kaskotik oinez abiatu eta bi kilometrora, erabat aldatzen zaigu paisaia, egundoko paraje naturalarekin egiten dugu topo, eta biodibertsitate aberats horretan, kontuan hartzekoa da, besteak beste, hegazti espezie aniztasuna.

Tailerrak antolatu ohi dituzue Bisitarien Etxean, hegaztiak gaitzat hartuta.

Bai, urriaren 16an izango da hurrengoa, eta irekita dago izena emateko epea. Ingurumen hezkuntzari begira bideratuta daude tailer horiek. Erabat praktikoak dira, eta besteak beste, enaren (arrunta eta azpizuria)eta sorbeltzen ezagutzan sakontzen da, buztinezko habiak eraikitzen dira, edo bertako haziekin bolak egin eta gero sarea zintzilik jartzen dira inguruko hegaztientzat elikagai izan daitezen.

Nondik datorkizu txorienganako zaletasuna?

Naturaz gozatzen ikasi dut etxean txiki-txikitatik. Urte asko ez dela eraitsi zuten Exkerranea etxearen ondoan bizi gara, eta bertan “maizter” izaten zen urubia (ontza) gertutik ezagutzeko parada eduki genuen. Lurraldekoia izaten da, eta ez du batere gogoko espezie berekorik inguruan sumatzea. Horrela, gure aitak, tarteka, urubiaren hots-imintzioak egiten zituen balkoitik, eta ikusgarria izaten zen zein erasokor hurbiltzen zen gugana! Beldurgarri agertzen zitzaigun, baina asko maite genuen aldi berean. Andoainen askok, umetan, txupetea Olentzerori edo Mari Domingiri “eman” izan dioten bezala, niri errito hori urubia harekin egitea egokitu zitzaidan. Pentsatzen dut horrelako bizipenek pertsonok markatu egiten gaituztela, eta nortasuna definitzen. Niri behintzat, halaxe gertatu zait.

Geroztik, ingurumen zientzietako ikasketak egin ditut. Aranzadi zientzia elkartean ornitologiako saileko partaide izan naiz azken boladan; grazia egiten zidan bertan entzun ohi zena gigatik, alegia gu bezalako pertsonak “txoriak buruan” genituela bizi ginela; egiatik edukiko dut zerbait esanahi bikoitza daukan esaera horrek...

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskariaren 612. zenbakian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!