Astearte eguerdian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensio Andoainera hurbildu zen, eta, Maider Lainez alkatea eta Petri Romero Kirol eta Ekintza fisikoko zinegotzia alboan zituela, Andoaingo tokiko energia komunitatearen aurkezpena egin zuen.
170 kW-ko eta 410 plakako instalazioa egitea aurreikusi dute, Andoainen. Aldundiak emandako datuen arabera, "Instalazioak 1.800 m2-ko azalera erabilgarria izango du, eta energia berdea eramango du, autokontsumoko erregimenean, instalazioaren 500 m-ko erradioan kokatuta dauden Andoaingo 250 etxetara. Lehen instalazioa Allurralde kiroldegiko estalkian egingo da eta bigarren estalki bat ipintzeko bideragarritasuna aztertzen ari dira. Ingurumen Departamentuak 30.000 euroko inbertsioa egin du ekimen hori abian jartzeko. Horren bidez, energia garbia ekoitzi eta kontsumitzeko aukera emango du, zero kilometrokoa eta autokontsumo formatuan, 250 familiari eta denda txikiri, % 25eko aurrezkiarekin". Udalak doan lagako ditu eraikin publikoen estalkiak instalazio fotovoltaikorako. Maider Lainez alkateak eskerrak eman zizkien Ingurumen diputatuari eta bere taldeari, "batez ere, bere departamentutik jaso dugun laguntza tekniko eta ekonomikoagatik; izan ere, bere ekintza eta laguntza-ildoekin apustu argia egiten du Gipuzkoako udalerriak gero eta jasangarriagoak izan daitezen".
Asensio diputatuak adierazi duenez, “energia gizarte-eskubide bat da, eta etxebizitzak energia-sistemaren erdian kokatuko dituen eredu bat behar dugu, energia garbia eta fakturan dirua aurrezteko behar diren tresnak eskura izan ditzaten".
Norabide horretan, Asensioren hitzetan, herritarrak "energia-trantsizioaren prozesuan zeregin aktiboa izatera pasatzen dira, komunitatea sortuz eta energia-kultura berri bat sortuz, non pertsonek erabaki, aurrezki eta ezagutza-ahalmen handiagoa hartzen baitute eredu tradizionaletan baino. Urrats oso garrantzitsua da, inor atzean utzi gabe”.