“Denboren ispiluaren aurrean jarriko dugu Bi Anai filma”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2022ko urr. 7a, 08:18

©Ttap

Urriaren 14an, ostiralarekin, zinema-emanaldi berezia izango da Andoainen. Atxagaren eleberri ezagunean oinarrituriko filma eskainiko dute, eta Garazi Kamio idazleak gidatutako solasaldian zinema-zuzendariak eta idazleak parte hartuko dute. Aiurri Imanol Rayo "Bi anai" filmaren zuzendariarekin izan da.

Bernardo Atxagarekin batera taulagainera igo eta filma aurkeztuko duzue Basteron. Berezia izango da zuretzat. Zergatik?

"Bi anai"ren estreinalditik 11 urte igaro dira. Estreinaldia Donostiako Zinemaldian izan zen, eta bertan Zinemira saria irabazi genuen. Estreinaldi komertziala, aldiz 2011ko azaroan izan zen. Beraz, 2011ko hamaikagarren hilabetean estreinaldia egin eta hamaika urteren buruan emanaldi berezia eskaintzeko aukera izan dugu. Non eta Andoainen. Atxagaren lurraldean, Asteasutik oso gertu. Bastero toki berezia da, elkartzeko eta filma ikusteko. Denboren ispiluaren aurrean jarriko dugu filma.

Nola gogoratzen duzu Atxagari filma egiteko proposamenaren une hura?

Gidoiaren prestaketa prozesua nahiko luzea izan. Eleberri batean oinarrituta egon arren, aldaketa formal asko egon ziren. Atxagak Orio produkzioak etxearekin jarri zidan harremanetan. Egitasmoan sartu ziren, eta bizpahiru urte igaro ziren filma sortzeko eta gidoia garatzeko.

Oso garai berezia izan zen, oso aberasgarria. Prozesu polita izan zen, arlo guztietatik. Baita filmaketa ere bai. Lehen lanetan dagoen grin hori ere hor dagoelako, ziurrenik. Idealizatzea da joera, halakoetan, baina nik uste denentzat oso esperientzia positiboa izan zela. Oso gustura egin genuen lan. Ikuspegia atzera jarrita, zapore onarekin gogoratzen dut garai hura.

Eta filmaren grabaketa eta gidoiaren prestaketa nolakoak izan ziren?

Filma egiteko txinparta 22 urterekin sortu zen nire baitan. Andoaingo ESCIVIn amaitu nituen ikasketak, eta Urnietako Saroben ikastaro bat egiten ari nintzen Michel Gaztambideren zuzendaritzapean. Gidoi originala idatzi behar izan nuen tesi modura. Luzemetraia egiteko grina piztu zen nire baitan. Atxagaren "Bi anai" oso gertu sentitu nuen obra zen, eta erronka polita iruditzen zitzaidan animaliek kontatzen duten istoria erabat aldatzea eta beste ikuspuntu batera eramatera. Atxagari planetamendu hori egin nion. Erabakiorra izan zen hasiera-hasieratik ideia nahiko garbi izan nuela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!