"Bi Anai", 35 mm-etan eskaintzeko prest

Aiurri 2022ko urr. 10a, 11:27

Imanol Rayo zinema zuzendaria eta Javier Agirre Erauso zinema-argazki zuzendaria Basteron izan dira, ostiraleko emankizun bereziaren prestaketa lanetan. Irutek enpresako kideekin batera bobinak probatzen aritu dira. Emanaldi berezia izango da ostiralekoa, Bernardo Atxaga bertan izango baita.

Ez ohiko emanaldia antolatu dute Aiurrik eta Basterok, ostiral honetarako. 35 milimetroko proiekzioa izango da, garai bateko zinema emankizuna berreskuratuz. Gaur goizean Basterora hurbildu dira Imanol Rayo zinema zuzendaria eta Javier Agirre Erauso zinema-argazki zuzendaria, eta Irutek enpresako kideekin prestaketa lanetan aritu dira.

"Bi anai", eleberria eta filma

"Obabakoak" eleberriarekin mundu zabalean ezagun egin zen Joxe Irazu “Bernardo Atxaga”, baina aurretik argitara eman zuen “Bi anai” eleberriak ere oihartzun handia lortu zuen. 1985eko Kritika saria jaso zuen, besteak beste. Atxagaren ibilbidea oparoa da oso. Haren eleberriak, bestalde, inspirazio iturri izan dira antzerki konpainia eta zinema zuzendarientzat. Horietako bat Imanol Rayo izan zen, zeinak 2011n “Bi anai” eleberria zinemara eraman zuen. Estraineko filma izan zen Rayorentzat, Donostiako Zinemaldian aurkeztu zena. Irizar saria jaso zuen lan horrekin. Atxagak orduko adierazpenetan gustura sentitzen zen emaitzarekin: “Oso ondo sentitzen naiz filmarekin. Adierazteko eta komunikatzeko bi modu erabat desberdin dira. Materializazio desberdinak dira, baina denek dute ahotsa, guztiek dute gorputza. Literarioa askoz irekiagoa da, baita inperfektuagoa ere. Zinegileak, aldiz, objektuen, ikusten denaren eta entzuten denaren bidez hitz egin behar du”.

Rayo eta Atxaga, Basteron

Hamaika urte eta gero, Imanol Rayo eta Bernardo Atxaga Andoainera gerturatuko dira Aiurrik antolatu duen emankizun berezian parte hartzera. Garazi Kamio idazleak gidatuta, filmari buruzko solasaldian parte hartuko dute.

Urriaren 14an Basteron

Andoaingo emanaldi berezia datorren urriaren 14an izango da, 19:30ean hasita. Sarrera 3 eurokoa da, baina Aiurriko harpidedunek dohainik joateko aukera izango dute. Horretarako lehenago izena eman behar dute idazkaritza@aiurri.eus e-postara idatziz. Eskaerak jasotako hurrenkeran zabalduko dira gonbidapenak. Beraz, komeni da garaiz ibiltzea.

Aiurriko harpidedunak dohainik joateko aukera izango du. Horretarako e-posta idatzi behar du idazkaritza@aiurri.eus e-postara, bere izen-abizenak emanez. Eta emankizunaren egunean, aretora sarbide zuzena izango du.

Fitxa teknikoa

  • Izenburua: Bi anai.
  • Urtea: 2011.
  • Iraupena: 104 min.
  • Zuzendaria: Imanol Rayo
  • Gidoia: Imanol Rayo.
  • Eleberria: Bernardo Atxaga.
  • Argazkia: Javier Agirre Erauso.
  • Aktoreak: Bingen Elortza, Aitor Coteron, Kandido Uranga, Amaia Lizarralde, Klara Badiola, Loreto Mauleon, Oihan Lopetegi.
  • Ekoiztetxea: Orio produkzioak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!