“Aldarrikapen eguna ere bada larunbatekoa”

Aiurri 2022ko urr. 13a, 10:58

Gazte Eguna ospatuko da Andoainen, larunbat honetan. Egitarau oparoa osatu dute: lan-prekarietatearen gaineko hitzaldia, bazkaria, karropoteoa eta kontzertuak. Inge Lekuona eta Irune Gozalo Ernaiko kideak dira. 

Pandemia osteko lehen Gazte Eguna izango da larunbatekoa, ezta?

Bai hori da. Gainera, jakitun gara, lehen gazte eguna izango dela andoaindar askorentzat ere.

Antolaketa lana zaila izan al da, horrenbeste denboraren ostean?

Hasteko, zerbait irekia izatea nahi genuen, hau da, antolaketa lana guztion artean egitea. Nahiz eta egitaraua Ernaien izenean antolatu, herritar ororentzako deialdia zabaldu genuen; beren parte hartzea sustatu eta ideiekin egitaraua bustitzeko. Esanak esan, herriko edozein gazte harremantzeko espazio ireki eta seguru bat sortu nahi dugu gazte egunarekin.

Egitarau oparoa antolatu duzue, aldarrikapenetik festara...

Egun osoko egitaraua antolatzen den mementoan, badakizu zailtasunak izango dituzula eta gauza asko hartu beharko direla kontutan. Hala eta guztiz ere, ondo egokitu gara eta arazo askorik gabe antolatzea lortu dugu.

Zein ekitaldi nabarmenduko zenukete Gazte Egunetik?

Prekarietatearen gaineko hitzaldia. Festaz gozatzeko egun bat baino gehiago da, kutsu politikoaz bustitako eta aldarrikapenak egiteko eguna da.

Zer da Gazte Egunarekin aldarrikatu nahi dena?

Hasteko, buruari eragiten, gazteengan eragina eduki zezakeen eta bolo-bolo dabilen gaienbat lantzea otu zitzaigun; kasu honetan, lan prekarietatea. Modu batera edo bestera, zuzenki gazteei eragiten dien gaia da, soldata txikiak, lan baldintza eskasak, lan istripuak etabar. Horrez gain, grebek presentzia handia hartu dute jendartean, zerbait ondo ez dabilen seinale; alde batera utzi gabe, azken urteetan jazotzen ari diren lan istripuak eta heriotzak, horietako bat andoaindarra. Gaiari buruz behar bezain beste hitz egiten ez dela iruditzen zaigu. Horiek horrela, egoera behatzeaz eta kontzientzia zabaltzeaz gain, eduki ditzazkegun alternatibak aztertzea izango du helburu hitzaldiak, egunerokotasunean sor daitezkeen arazoei aurre egiteko.

Hari beretik tiraka, agian, gazte asko ez dira identifikatuta sentituko gaiarekin, gazteegiak direlako edota ikasten daudelako. Baina, edozer dela ere, gaztetasuna eta ikasketa-prozesua lan mundurako trantsizioa dela esan genezake; hortaz, lanean edukiko dituzun baldintzen gaineko interesa eduki beharko lukete.

Zuek lanean zaudeten gazte bezala, garrantzitsua ikusten duzue larunbateko egunean parte hartzea?

Bai. Esan bezala, festa eguna izateaz gain, aldarrikapen eguna delako eta gazte guztioi eragiten gaituen gai bat landuko delako: lan-prekarietatea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!