Buruntzaldeko ibilbideen edizio berria, igande honetan

Aiurri 2022ko urr. 14a, 10:00
©Roberto Trutxuelo

Igande honetan izango da XIV. edizioa. Bideetan, berriz, norabideak eta distantziak markatzen dituzten geziak eta zutoinak egongo dira. Seinale horiek guztiak udalerri bakoitzaren identifikazio koloreak aintzat hartuz daude ipinita.

Eskualdeko udalek Euskaduna, Andatza eta Ostadar elkateekin batera antolatzen dute jardunaldia.

08:00tan abiatuko dira mendizaleak eta 14:00tan iritsi. Herri bakoitzean kontrolgunea dago. Azken urteetan kontrol guneak Andoaingo Goikoplazan eta Urnietako San Juan plazan ipiniko dituzte..

Seinaleak eta koloreak, herriz herri

Zehazki esanda, aukeran dauden ibilbideak ondoko hauek dira:

Andoain-Lasarte-Oria. Buruntza mendia zeharkatuz (edo gailurra eginda). Koloreak, urdina eta urre zaharra; 7,9 km.ko luzera du; oinez egin daiteke  soilik eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da.

Andoain-Urnieta. Koloreak, urdina eta berdea; 4,8 km.ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

Andoain-Usurbil. Andatzatik barrena, ibilbide luzeena da. Koloreak, urdina eta laranja; 14,9 km.ko luzera du; oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da.

Lasarte-Oria-Urnieta. Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9 km.ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

Lasarte-Oria-Usurbil. Koloreak, urre zaharra eta laranja; 9 km.ko luzera du (Santuenetik barrena Aginagako Mapil ingururaino); oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!