Gordelekua, Burdinaren egitasmoa errealitate bilakatuta

Xabier Lasa 2022ko urr. 17a, 07:06

Andoaingo elkarteak bazuen asmo bat: geure arbasoen lanbideak, bizimodua eta pentsamendua islatuko dituen museo modukoa antolatzea. Ari dira langintza horretan, eta berriki kideen, emaileen eta udal ordezkarien artean ikusgai jarri dute.

Burdina taldeko kideek denbora puska zeramaten Gordelekua atontzen, Andoaingo eta andoaindarren ondare historikoak aparteko espazioa eduki zezan, alegia. Eta azkenean, iritsi zaie hainbeste deseatzen zuten eguna. Kolaboratzaileei eta tresnaren bat dohaintzan eman duten pertsonei aurkeztu zien Gordelekua, urriaren 7ko asteburuan. Udal ordezkariei eta herritarrei zabalduko dizkie ateak hurrengo egunetan.

Geure arbasoen lanbideak, bizimodua, pentsamendua… modu xumean bada ere, islatuko dituen museo bat antolatzea izan da Burdinaren egitasmoa hasieratik, eta diskreziorik handienarekin jardun ostean, emaitza gizarteratzeko lanketari ekin diote.

Burdina elkarteak 20 urteko ibilbidean han hemen jaso izan duen ondarearekin nahiz herritarrek dohaintzan emandako trasteekin osatu dute Gordelekua, Andoaingo udalak utzitako egoitzan.

 

Joxe Antonio Huizi

“Auñamendi Eusko Entziklopediako bilduma osoa -etxean urtetan txukun zaindutakoa-, bertso zaharren liburu mordoska eta Olivetti idazteko makina zaharra utzi ditut Burdinaren esku. Jakin izan banu lehenago, liburu zahar gehiago ekarriko nituen!   

Nik utzitakoak ez dira aspaldi-aspaldikoak, baina estimu handikoa izan da beti entziklopedia hori. Idazteko makina bera ere, ba ote daki gaurko gaztediak zertarako ote zen? Den-dena txukun-txukun jarrita ikusi dut museo honetan, eta guztitik, arotzen erreminta pila egin zait deigarriena; jakina, arotza izan bainaiz ogibidez! Apaletan dauden erreminta horietatik, eskuila bakarrik erabili izan nuen nik; nire aurrekoenak dira gainerako guztiak. Aberasgarria, benetan, horrelako museoa herrian edukitzea!”.

 

Aitor Arribillaga

“Beteluko Iñonea (Iñigorena) baserrian beti egon izan da presente asto edo banku hauxe. Amaren osabek saskiak egiteko erabiltzen zuten erraminta zen; egia esan, begira-begira jartzen naiz, eta konturatzen naiz, bai, lanean esertzeko erailiko zutela astoa, baina hortik aurrera, zer nolako erabilera zeukan, ez da erraza asmatzea ez dakien batentzat… Haiek ez ziren otarregile profesionalak, baina beharrak aginduta, ondo ikasita zeukaten ofizioa. Saskiekin ez ezik, iaioak ziren beste hainbat lanbideekin. Halaxekoak ziren gure arbasoak, autosufizienteak erabat! Horien ondoan, ezjakin hutsak gara gaur egun. Nolanahi ere, egun bizi dugun krisia dela eta hau eta beste dela, ez dakit nik ez ote dugun hain bizimodura itzuli beharko!”.

 

Leire Otegi

“Gure aita, Regino, beti sentitu zen Burdinako parte, eta museo hauxe osatuta eta irekita ikusita, bere nortasunaren zati bat bertan dagoela iruditzen zaigu familiakoei. Berak utzitako erraminta eta pieza ugari daude Gordeleku honetan sakabanatuta erakusgai, eta pozgarria da hori. Egia esan, bere garaian, objektu zaharren gordezale amorratua izan zen, gizartean horretarako kultura eskasa zegoenean. Bere inguruko jendeak bazekien zein zen bere joera, eta gauza zaharrak zakarretara bota baino lehen, berari uzten zizkion. Horrela, Bekaiztegi baserrian museo txiki dotorea antolatu zuen; eta ez hori bakarrik, gustura asko aritzen baitzen azalpenak ematen sagarra bildu eta sagardoa egitera edo bazkariren batekin etortzen ziren adiskideekin. Izan ere, ez baitzen biltzaile hutsa, erraminta bakoitzaren erabilera transmititu egin behar zela uste baitzuen. Txankari berari, makina bat informazio eman izan zion ogibide zaharren gainean. Aitaren pena, dena den, baserrian maitasunez bildutako pieza ugari lapurren eskuetan bukatu izana izan zen”.

 

Ana Izagirre

Manu, gure aitak Aldundiko arkeologia sailetik erretiroa hartu zuenean, zainetan zeraman mundu hori, eta Burdinarekin kolaboratzen segi nahi izan zuen. Ederki suspertzen zuten elkarteko jendearekin egiten zituen ibilerak; pentsatzen dut berak ere ekarpen jakingarria egiten ziola elkarteari. Edozer bildu zalea zen, eta hil zenean, etxekoen esku geratu ziren bere bizitza osoan pilatu zituen traste guztiak. Museorako utzi ditugu horietako zenbait, erlezainen lan-tresnak, mahatsaren prentsa... Esan beharrik ez dago familiakoei zenbateko ilusioa egin digun museo honek! Are gehiago, atea gainditu eta lehenbiziko ikustaldia egin bezain pronto jabetzen zara aitaren espiritua bizirik mantentzen dela bertan”.

 

Bakartxo Barriola

“Urigain jauregiko zenbait objektu utzi ditut Gordelekuan, hala nola, Pablo Barriola bertako lehenbiziko nagusiak bidaietako erabiltzen zuen kutxa handia, edo eta, zorroztailea bere gurpilarekin. Urigain jauregiak historia luzea dauka atzetik. 1936an guardia zibilek etxea errekisatu egin zuten; familiako kide gehienek Frantziarako edo Ameriketarako ihes-bidea hartu behar izan zuten, eta etxeko zerbitzariak ziren Pia eta Felizianak balio handiko mahai-tresneria eta mahai-zapiak ahal zituzten moduan ezkutatu zituzten. Gero, urtetara, ederki kosta zitzaion familiari etxea berreskuratzea! Venezuelako exiliotik Andoainera etorri ginenean, udalari jauregia saldu aurretik, bertan ziren altzairu gehienak gordetzeko erabakia hartu nuen. Horrela, gure etxean museo txikia bezain dotorea antolatu genuen; horko pieza batzuk Burdinaren Gordelekuan amaitu dute azkenean, eta pozgarria da hori”.

 

Esther Urrutia

“Gure arbasoek ogibide tradizionaletan erabiltzen zuen tresneriak betetzen du museoaren zati nabarmena, eta logikoa da hori. Baina aldi berean, aberasgarria da, esatera baterako, sinesmenarekin edo bizitzeko moduarekin zerikusi zuzena duten objetuei ere tokia eskaini izana. Alde horretatik, pozten nau amak eta amonak etxean zeuzkaten Amabirjinarekin, Jesusen Bihotzarekin edo hil-kutxetako gurutzeekin ere interesa jarri izana museoko arduradunek. Egia esan, oraingo begietatik harrigarri samarra egiten zaigu gure aurreko belaunaldiek nola bizitzen zuten fedea eta erlijiotasuna, eta zer nolako objektuak erabiltzen zituzten sentimendu hori adierazteko. Nork ez ote ditu ikusi etxean, umetan, nonahi zintzilika edo leku ikusgarri batean ipinita gurutzeak, errosarioak, estanpa txikiak, Ama Birjinaren edo Jaungoikoaren erretratuak, tarteka bizilagunak ekartzen zizun etxez-etxeko kapera… Gure amonak, nahiz eta ez izan oso-oso katolikoa, lo-gelan nahiko tetrikoa zen kalbarioa -bere gurutze eta kalaberarekin- edukitzen zuen; asko inpresionatzen zidan niri hark!”.

 

Burdina elkarteko zenbait kolaboratzaile

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!