"Nepal alderako bidea hartuko dut, asko gabe"

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Lasa 2022ko urr. 30a, 10:10

Aitorrek bizikleta zaharra bidaide fina izan du hamasei urtez, baina, orain, bolada baterako bazterrean uzteko asmoa du.

Aitor Igiñitz, 2006ko urriaren 13an Andoain utzi eta bizikleta bidaide zuela, mundua deskubritzera abiatu zen, itzulera jakinik gabeko abenturari ekin zion era horretan.

Jada, kito esan dio, ez bizi-egitasmoari, bizikletari baizik. Guztira hamasei urte egin ditu etxetik kanpo, bizikleta gainean gehien-gehienak. Horietatik, Laura Martinez madrildarrarekin hamar urte (2008-2018) egin zituen, eta biek Asian eta Afrikan barrena egindako bizimodu nomada El mundo es mi casa liburuan islatu zuen Martinezek 2019an.

Europa, Asia, Afrika eta Amerika eta Ozeaniako 70 herrialde zeharkatu ditu Igiñitzek, eta, bere kalkuluen arabera, 140 milatik gora kilometro zapalduko zituzten bere gurpilek; bere hitzetan, “munduari hiru bira eta erdi gutxi gora behera ematearen pareko bidaia luzea” izan da.

Urte horietan, etxera itzuli izan den aldi laburretan, jendearen harridura, miresmena eta enbidia sentitu duen arren, garbi adierazi izan du beti zein den bere “meritu” bakarra: "Bere garaian, hemengotarrek daukagun segurtasun faltsu hori harrika bota eta bidean jartzeko hartu nuen erabakia”.

Etxean da berriro, uztailaz geroztik, eta bizitzaz beste bizikera batekin gozatzen segi nahi duela aitortu du, bizikleta bazterrean utzita.

Nolakoak izan dira bidaia luze horren azken kilometroak?

Amerika zeharkatuz bukatu nahi nuen bidaia; hain zuzen, Argentinako eta Txileko mugan dagoen Ushuaian, Suaren Lurraldearen kostaldean amaitu nahi nuen ibilaldia abentura, eta espero bezala irten zitzaidan guztia. Uztailean, hegazkinean Madrilera heldu nintzen, eta han bizikleta gainean jarri, eta etxerako azken 500 kilometroak Guadalajara, Soria, Errioxa eta Nafarroako bigarren mailako errepideetatik egin nituen. Trafiko gutxiko errepideetatik, lasai-lasai iritsi nintzen Andoainera.

Zergatik kito bizikleta-bidaiari izateari?

Azken aldian, hasierako motibazio eta gozatzeko gaitasun hori galtzen ari nintzela sumatzen nuen. Bizikletaz bidatzeak energia guztia, fisikoa zein psikologikoa, horretara bideratzea eskatzen dizu, eta jada gogoz nengoen beste zenbait bizipen probatzeko. Esate batera, bidean ezagutu ditudan toki zoragarrietan denbora patxadaz igaro ahal izatea, edota, mendizaletasunari askatasuna ematea eta lagunekin mendi txangoak egitea.

Izan ere, badakizu zer gozamen puntua ematen dizun lagunekin geratu eta, esate batera, Adarramendirako txangoa egiteak? Egia da beti jakin izan dudala buruarekin bakarka moldatzen; ondo asetu ahal izan dut gizakiok berez daukagun lagunartekotasunaren alderdi hori, egunero bidean topatu izan dudan jendearekin eta horiekin sortu izan diren era guztietako solasaldiekin. Baina esan nahi dut ez daukala preziorik adiskideak edukitzeak eta horiekin naturaz gozatzeko aukera edukitzeak.

Hamasei urtetan gure ingurutik urrun ibili zara. Perspektiba pixka bat hartuta, zertan esango zenuke aldatu dela gehien gure gizartea?

Giza jokabideekin zerikusia daukaten eta elkarrekin harremana eduki dezaketen bi kontuek eragiten didate arreta, eta zer pentsatua, beste edozer gizarte aldaketen gainetik. Berez, kezkagarriak izateaz gain, normalizatzen ari diren sentsazioa daukat.

Batetik, mugikorrarekin daukagun menpekotasuna. Onartzen dut harremanetarako tresna eta informazio-iturri bikaina izatea; bere erabilerak harritzen nau, ordea, nola gauden denbora guzti-guztian konektatuta jendearekin, zer nolako estresarekin bizi den adikzio hori. Whatsapp mezuak bidaltzen ditugu, eta jada derrigorrezkoa bezala hartzen dugu mezu hartzaileak agudo batean erantzutea; eta hala ez bada gertatzen, urduri jartzen gara eta edukazio txarrekotzat hartzen dugu bestearen erantzun falta. Bizi-patxada galdu dugu, eta ez gara ohartzen!

Bigarren arreta, antsietate-atakeen errealitateak eragin dit. Honek eta hark natural-natural aitortzen dizute jasan dutela! Orain hamar-hamabost ez dakit ba ote genekien zer zen trastorno psikologikoa, edo, behintzat, ez dut uste horren zabaldua zegoenik. Eguneroko kontu eta buruhausteekin, gehienetan txikiak eta konpontzeko modukoak direnekin, neurrigabeko kezkaz bizitzea, ez da oso gauza sanoa hori. Bizimodua azkar-azkar bizitzen ari gara, denboraren kontzeptua eraldatzen ari da, eta horrek ez dio onik egiten buruaren osasunari.

Makina batek galdetuko zizun honezkero, “eta orain zer egin behar duk?”

Nahi baino gehiagotan, bai! Txantxetan erantzuten diet, andregaia hartu, etxea erosi, ezkondu eta familia edukitzea dela nire ametsa. Egiatan, ez daukat hemen geratzeko asmorik, hori argi daukat. Eta Nepal alderako bidea hartuko dut, asko gabe. Munduko bazter ugari ezagutu eta gero, han bezala inon ez naizela sentitu iruditzen zait, nire ametsetako herria da.

Munduan barrena ibilita ikasi dut edozein tokietan atera litekeela bizimodua, lan egiteko gogoa edukiz gero, eta ez dela izurik eduki behar etxeko kabiaren segurtasuna atzean utziz gero.

Hemen ez nau lotzen ez zama ekonomikorik, ez hipotekarik… Familiak baizik ez, gurasoek batik bat, aurrera baitoaz adinean. Tarteka itzuliko naiz, eta saiatuko naiz goxatzen horiekin.

Zein da zure asmoa Nepalen?

Hara joan eta bertako bizimodura egokitu ostean, datorren udazkenari begira, bidaiak antolatzen hasi nahi nuke. Himalayan trekkingak antolatu nahi nituzke. Everesteko trekkinga egitea, esate baterako, Andoaindik Herniorako txangoa bezain erraza izan liteke; izatekotan ere, tramite burokratikoak bilakatzen dira kezka iturri hango paraje zoragarriekin amesten dabilen hemengo edozein mendizalearentzat. Guzti hori errazteaz gain, bidaiaren gainerako alderdi guztiak lotzea izango litzateke nire funtzioa.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!