“Hegaztiak ezagutzeak, haiek maitatzea dakar”

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Lasa 2022ko urr. 29a, 13:39

Olanok 40 urte egin ditu hegaztiak aztertzen, eta asko daukala oraindik ikasteko dio.

Lanbidez basozain eta afizioz Aranzadiko ornitologia saileko kide Mikel Olanok hitzaldi jakingarria egin zuen hanbat txori-zaleen aurrean Basteron, urriaren 4an. Hitzaldi akademikoaren eskema baztertu, eta entzuleak parte hartzera bultzatu zituen

Galdera eta iritzi mordoa planteatu ahal izan zuten entzuleek. Bi ordutik gorako solasaldia bizia eta atsegina bilakatu zuten guztiek ere.

Gipuzkoan hegaztiek bizi duten errealitatera mugatu nahi izan zuen hitzaldi-solasaldia Olanok, eta zenbait mezu zabaldu zituen. Horrela, erradiografia bikaina osatu zuen hegazti moten, beren habitat desberdinen, zenbait espezien ugaltzearen eta murriztearen eta beste hainbat gaien gainean. 

Bertakoak ezagutu, lehenbizi

Hegaztien munduan murgiltzera aldera etxe ondokoak ezagutuz hasteko gomendatu zuen. “Badira kantu fineko zein zatarreko hegaztiak, politak zein itsusiak… Mila arrazoiengatik, txoriek beti eduki izan dute halako xarma gizakiontzat. Txoratzen egoten gara La2eko edo ETBko dokumentaletan Afrikako edo ez dakit nongo hegaztiak ikusten ditugunean. Baina zenbait dakigu etxe aurrean dauzkagunaz? Igual 10-15 espezie ibil daitezke! Saia gaitezen ezagutzen gertukoak; horiek identifikatzen jakiteak, maitatzea eta errespetatzea baitakar!”.

Sai zuri harraparia ekarri zuen gogora Olanok, une batean: “Dokumental horietan, Afrikako lehoien artean azaltzen zaizkigu, eta zer da eta, badakigu hurrengo udaberrian, horietako batzuk Aizkorrira, Aralarrera edo Leitzaranera etorriko direla! Eta ez hori bakarrik, GPSak direla medio, badakigu ibilbide hori urtero-urtero egingo dutela eta leku berean egingo dutela habia. Daukaten aparteko sen eta jakinduria horrek ere, misterioa eransten die hegaztiei”.

Bioaniztasunaren adierazle

Hegaztiak gure ingurumenaren berri ematen diguten adierazleak direla ziurtatu zuen Olanok. “Hegaztiak ez dira zeru zabalean agertzen eta desagertzen diren espezieak, inongo logikarik gabe. Bioaniztasunaren adierazle bikainak dira, gure ingurumena nola dagoen adierazten digute. Esate baterako, martin arrantzalea, zozoa eta hau eta beste ikusteak adierazten digu halako ibai edo erreka garbia eta bizia dagoela. Era berean, eremuren batean ez baduzu txoririk sumatzen, seinale leku horrek ez duela bizitzeko baldintza naturalik betetzen”.

Okil beltzaren eboluzioa jarri zuen horren adibidetzat: “harribitxia da ornitologoentzat, eta gaztetan, Pirinioetako baso aberatsetara joan behar izaten genuen, aditzeko; 2002ko Gipuzkoako zentsuan ere apenas agertzen zen. Egun, ordea, nonahi daukagu. Zergatik? Bizi baldintzak hobetu egin zaizkiolako gure basoetan”.

Bizikidetzara kondenatuak

Hegaztien kalterako diren gizaki modernoaren jokaerak ere izan zituen aipagai. “Makina bat hegaztik (amilotxa, sorbeltza, enara, kaskabeltza, hontza, sagu-zaharra…) elizen, ermiten edo baserri zaharren edozein txulo bizilekutzat hartu izan dute. Orain, ostera, apaizekin errieta saioak edukitzen ditugu, hegaztiek zikinak direla-eta eliz-dorreak babestu nahi dituztelako. Eta, baserri zaharrak eraitsi eta habiak onartzen ez dituzten horma leun politeko txaletak eraiki ditugu. Alde horretatik, bizimodua zaildu egin diegu hegazti askori”.

Ia 40 urteko ibilbidean gizakien berekoikeriarekin maizegi topo egin izanak eragiten dion ezinegona aipatu zuen Basteroko hitzaldian. “Etxe ederrak beren jardin dotorearekin eraikitzen ditugu, eta bertan, pare bat gorosti jartzen ditugu, edo intxaurrondoa, eta gero udazkenean, jakina, xoxo eta birigarroak gorostiaren bola gorrietara joaten dira edo katagorriak intxaurretara. Horrek amorrarazten egiten die jabeei. “Maite ditut, baina nire etxe ingurutik kanpo, bestela akabatuko ditut!” entzuten dute sarri. 

Asko aurreratu dugu animali eta hegaztiak errespetatzeko kulturan, baina badaukagu erronka latza! Baloratu beharko dugu xoxoak, birigarroak, katagorriak… etxe inguruan edukitzea! Katagorriak bi kilo intxaur kenduko dizkigu, baina beste zortzi geratuko zaizkigu! Ez dut aldarrikatzen gizakiak animalien pare jartzea, animalista batzuek defendatzen duten eran; basa-bizitza errespetatzen ikastea eskatzen dut”.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!