2022a itzuleraren urtea izaten ari da. Urki dantza taldeak euskal folkorearen aldeko apustu berria egin du, 2019ko Euskal Jaialdiari jarraipena ematen dion edizio berria antolatuz. Eta, itzuleraren urtean, garai bateko arrakasta lortu duela esan daiteke, Euskal Herri mailako edizioa antolatzea lortu duelako. Itzuleraren urtean, hainbeste talde berriro elkartzea nabarmentzeko xehetasuna da. Urkik zabaldu duen oharrean ageri dira igande honetan Andoainera hurbilduko diren taldeak: Getxo, Markina eta Añorgako dantza taldeak; Gasteizko txistulari eta eskusoinulariak; Azkaingo musika taldea; Deba, Oion eta Lizarrako gaiteroak; Iruñeko erraldoi txikiak eta Hernaniko bertsolariak. Haiei guztiei harrera egingo die Urki dantza taldeak eta baita Olagaingo txistulari taldeak, trikitrilariek zein bertsolariek ere.
Urki dantza taldekoen eskertza
Ekaineko lehen asteburuan ospatzen da Haurren Euskal Jaialdia, baina aurtengoa salbuespena izango da, urrira atzeratu baitute. Gauzak ondo, 2023an garai bateko egutegia berreskuratuko dute.
Bitartean datorrenari heldu behar, eta antolatzaileak igande honetako hitzordurako gogotsu daude. Gogotsu, eta eskertuta: "Eskerrik asko jaialdia posible egiten duzuen lagunei, senideei, elkarteei, ikastetxeei, kartel egileei, txistulariei eta Andoaingo Udalari".
Urriak 23, igandea. Egitaraua:
10:30 Taldeen bilkura Goikoplazan. Hortik abiatuta, lau ibilbide egingo dira udalerrian zehar. Ibilaldian zehar Andoindarra, Belkoain Berri, Irunberri, Peña Santa Krutz eta Zumeatarra elkarteetan harrera egingo diete dantzariei.
12:45 Jaialdi nagusia Goikoplazan. Ondoren bazkaria herriko ikastetxeetako jangelatan.
17:00 Bertsolarien agurraren ostean, euskal festa Goikoplazan. Plaza dantzak Malkogarriyak taldearen eskutik.