Giza eskubideen aldeko elkarretaratzea egin dute Goikoplazan

Aiurri 2022ko urr. 22a, 14:55

Irango eta Afganistango emakumeen egoera lazgarriaren harira, Andoaingo herritar talde batek deituta elkarretaratzea egin dute Goikoplazan, "Andoain giza eskubideen alde" lemapean. Bertan izan dira ere Udaleko lau alderdietako ordezkariak.

Amaieran honako ohar hau irakurri dute:

Afganistango emakumeen tokian jarri gaitezen, bestearen lekuan jartzea baita baitzen gaituen gizatasunaren ikurra, giza eskubideen unibertsaltasunaren oinarria.

Historia gogora ekarrita, badakigu 1996-2001 bitartean Afganistango emakumeek ezin zutela etxetik irten, ezin zutela kalean bakarrik ibili, ezin zutela ikasi edota lan egin, are gutxiago medikutara bakarrik joan. 2001etik aurrera, nazioarteko gizarte eta ekonomia laguntzarekin batera, emakumeen eta nesken eskubideek nabarmen egin zuten aurrera. Gatazka iraunkorra izan arren, emakume afganiarrek abokatu, mediku, epaile, irakasle, ingeniari, atleta, politikari, kazetari, enpresaburu, polizia agentea eta ejertzitoko kide izatea lortu dute, besteak beste.

Baina zoritxarrez garai beltza berriz errepikatu da. Talibanen agintearen ondorioz, aurrerapauso guztiak galdu dira. Milaka afganiar talibanen errepresaliak jasaten dituzte eta etorkizun zalantzagarri batean abandonatuta geratzeko arriskuan daude.

Emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria hain zabala desagerrarazteko, sexu indarkeria, behartutako ezkontzak eta haurren ezkontzak barne, eta aldiz, gobernuaren maila guztietan emakumeen parte-hartzea areagotzeko, instituzio, gobernu eta herritar guztiei eskatzen diegu behar diren neurriak har ditzatela tragedia hau geldiarazteko.

Munduko agintariek entzun egin behar dituzte Afganistango eta giza eskubideak errespetatzen ez dituzten herrialde guztietako emakume guztiei.

Horregatik, guztiagatik gaur hemen bildu garen guztiok ozen eta argi esaten dugu: GIZA ESKUBIDEEI BAI!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!