Mari Jose Izagirre zerbitzu-zinegotziak eta Imanol Goenaga zinegotziak aurkeztu zuten Leizotz urrez hornitzeko proiektua, joan den ostiralen.
Izagirrek, atzera begira jarrita, gogora ekarri zuen Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak eta Andoaingo Udalak elkarkidetzan, 2008ko amaieran, Leizotz auzoa hornitzeko obren lehen fasea bultzatu zutela. Urnietako udal-mugartean 1.500 metroko konexioa eta, 100 m3-ko edukiera duen ur-depositua exekutatu zen orduan.
2010ean bigarren faseari zegokion proiektua idazteko enkargua egin zuen Udalak. Proiektu horren eskutik, Leizotz auzoan 15 baserri hornitzeko banaketa-sarea zehaztu zen.
Urte batzuk igaro ostean, orain, jatorrizko eguneratu egin dute, Izagirrek azaldu zuenez. “Hain justu, 750.000 €-ko hasierako aurrekontua nabarmen handitu da. Hori dela eta, datorren urriko osoko bilkuran beharrezko kreditu-aldaketa izapidetuko da, proiektua ahalik eta lasterren lizitatu ahal izateko”.
Aurreikuspenen arabera, “lizitazioa azaroaren amaierarako edo abenduaren hasierarako formalizatzea, obra esleitu eta lanak 2023ko martxoan hasi ahal izateko”.
Izagirrek gaineratu zuenez, obra berri hori probestuz, “Asu baserria, Mizpiradiko adarra eta Leizaran bailarako Olazar inguruko etxebizitzak hornitu egingo dira; guztira, 11 baserri gehiago”. Hortaz, guztira, 26 etxebizitza hartune aurre-ikusten da, baserrien eta nekazaritza-abeltzaintzako ustiategien beharrak asetzeko.
Plazaolako bide berdean, konexio bat egitea aurreikusi dela ere zehaztu zuen Izagirrek, “etorkizunean sareko konexioa beste baserri batzuetara zabaltzeko, gaur egun ur-kaptazioez eta iturburuez hornitzen baitira”.
Ia 5 kilometroko hoditeria
2010eko proiektuak ura banatzeko aurreikusten zituen hiru hoditeri edo adar eraikiko dira orain: Garagorri adarra (1,1 km), Mizpiradi adarra (1,1 km) eta Amezti adarra (0,6 km). Eta hiru horiei, laugarren adar bat, Olazarreko adarra (2,1 km) gehituko zaie. Guztira, ia 5 kilometroko hoditeria.
Dentsitate handiko polietilenozko hodiak izango dira lur azpitik joango direnak, eta horiek lurzoru publikotik igaro dadin saiatuko direla ziurtatu zuten.
Azkenik, aurkezpenean adierazi zuten Leizotzeko ur-deposituan hobekuntzak egingo direla; hala nola, barruko ekipamendu hidraulikoan; deposituko hustutze sistema eta kolektorean, eta, hornidura elektrikoan. “Hasierako proiektuan, Iberdrola konpainiaren sarera konektatuko zen aire-sare berri bat aurreikusten zen, eta proiektu berri honetan, aldiz, estalkiaren gainean 450 W-ko 12 eguzki-plaka instalatuz hornidura elektrikoa bermatzea aurreikusi da”.