Euskal Eskola Publikoaren aldeko elkarretaratzera deitu dute

Aiurri 2022ko urr. 25a, 15:18
Lanaldi zatituaren kontra, Leitzaran institutuan irakasle, ikasle eta gurasoek egin zuten elkarretaratzea, 2022ko ekainean

Ondarreta eta Leitzaran ikastetxeetako guraso taldeek elkarretaratzea antolatu dute ostegun honetan, “Euskal eskola publikoaren alde, euskal hezkuntza lege honi ez” lelopean. Ondarreta ikastetxearen atarian, 16:45etik aurrera izango da elkarretaratzea. Bestalde, aldarrikapen berbera egiteko, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak deituta, Bilbon azaroaren 5ean manifestazioa egingo dute.

2022-23 ikasturtean, egun indarrean dagoen Euskal Eskola Publikoaren Legea ordezkatuko duen Hezkuntza Legea onartu nahi du Jaurlaritzak. Horren haritik, Ondarretako elkarretaratzearen antolatzaileek adierazi dutenez, “irailaren 14an ezagutu genuen lege berriaren aurreproiektua. Sare publikoaren alde zenbait adierazpen jasotzen dituen arren, bere beharrei erantzun egokirik eman gabe jarraitzen du. Aldi berean, sare pribatuaren aldeko neurriak etengabe hartzen ari da Hezkuntza saila azken hilabeteetan dekretu eta aginduen bidez”.

Honako neurriak aipatu dituzte, beren ustez sare pribatuaren aldeko apustua egingo luketenak benetan: “egungo hezkuntza-itunak berritzeko eta luzatzeko agindua datozen sei ikasturteetarako onartu du, jaiotza-tasa jaisteko aurreikuspena egon arren; plangintza-dekretuaren zirriborroak talde edo ikasgela bat osatzeko gutxieneko ratioa murrizten du ikastetxe pribatu-itunduetan, eta ikastetxe publiko ugariren fusioa edota desagertzea aurreikusten du; itunpeko moduluak aldatu dituzte, ikastetxe itunduen finantzaketa ekonomikoki handituz (irakasleen moduluak % 6 inguru, ikasgelako moduluak, Haur Hezkuntzako 2. ziklotik Batxilergora, % +8,5; eta mantentze-moduluak % 25), eta 2 urteko gelak ituntze-sistemaren barruan txertatu ditu”.

EEPH Topagunea osatzen duten eragileek bestelako hezkuntza sistema nahi dute, “eskola publikoa hezkuntza-sistemaren benetako ardatz gisa hartuta, gizarte-kohesiorako eta berdintasunezko hezkuntza euskaldun bat lortuko duena” eta honako printzipioak aintzat hartuko dituena:

- Sare publikoa sendotzea eta handitzea.

- Ikasleen euskalduntzean erreferente izaten jarraituko duen eskola publikoa izatea.

- Hezkuntza komunitatearen parte-hartzean oinarrituta, elkarrekin lan egingo duten eskola publikoen sare solidarioa, herri eta auzoetan txertatuak

- Euskal gizarte kohesionatuaren aldeko apustua. Egungo hezkuntza sistema publiko-pribatu dualak ez baitu kohesioa bermatzen.

- Euskal hezkuntza sistema publiko laikoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!