Mota guztietako Ariguneak sortu badira ere, zerbitzu eta komertzio txikien parte-hartzea gailentzen da oraingoz. Herriko zerbitzuetako langileek zein merkatariek, bezeroak euskaraz hitz egitera gonbidatu eta animatu nahi dituzte, eta hala, hizkuntza-praktika euskaldunagoak sustatu. Iritzi eta asmo anitzak daude, eta beraz, askotariko Ariguneak. Badira egunerokoan euskara lan-tresna gisa darabilten Ariguneak, edota bezeroaren hizkuntza-erabilerara moldatzen direnak. Beste batzuek, aldiz, ez dakite euskaraz hitz egiten, baina prest daude bezeroak euskaraz entzuteko. Hartara, kasuan kasu, elkarrizketa elebidunak gerta daitezke
Ariguneetan: nahiz berbalagunetako batek gazteleraz jardun, besteak euskarari eutsi diezaioke. Modu horretara, Arigunearen esanahiak eta helburuek zentzua hartzen dute erabat, “euskaraz lasai aritzeko guneak” izango baitira.
Kalean zein lanean geroz eta erdara gehiago entzuten dutela azpimarratzen dute batzuek, eta horrelako ekimenen garrantzia azpimarratzen dute. Izan ere, ariketa ikustarazteak eta txapak soinean eramateak hautu pertsonaletan laguntzen du. Era berean, Ariguneek identifikagarri propioak izango dituzte; laster ikusi ahal izango dira herriko entitateetan eta komertzioen erakusleihoetan. Horrela, errazago baztertuko ditugu aurreiritziak eta euskaraz egingo dugu lehen hitza; ala aurrean dugunari gurekin euskaraz egin dezan adieraziko diogu. Ariguneen ariketa herrira begirako erronka ez ezik, lanean ere gauzatuko da. Hau da kanpo- zein barne-dinamiketan eragina izatea lortu nahi da, 15 eguneko praktika kontzientea egingo delarik.
Esan bezala, izen-emateko aukera zabalik dute mota guztietako entitateek, urriak 31 bitarte. Euskaraldiko webgunean eman daiteke izena. Zeren zain zaudete? Eman izena!