Petri Romero Berdintasun saileko zinegotziak azaldu du aurtengo egitarauak zergatik aztertuko dituen indarkeria matxista eta gazteen eremuko aurrehartze-politikak. FADek (Drogazaletasunaren Aurkako Laguntza-Fundazioa) egindako inkestaz baliatu da horretarako: “Fundazioak iaz egindako azterlan baten arabera, gizon gazteen ia erdiak uste du genero-indarkeria ez dela arazo larria gizartean, eta bostetik batek uste du indarkeria matxistarik ez dagoela. Aldi berean, emakume gazteen artean, salaketek gora egiten dute urtero. Ikusten dugunez, indarkeria matxistaren errealitatea konplexua eta kontraesankorra da gazteen artean eta behar beste denboraz egindako begirada analitikoa eskatzen du”.
Maider Lainez alkateak berretsi du Udalarentzat lehentasunezko gaia dela indarkeria matxistaren aurkako borroka eta indarkeria horren biktima guztiei babesa ematea, eta eginkizun horren baitan dagoela, besteak beste, gazteen arloan ere neurriak hartzea: “gure gazteei zuzendutako ekintza guztiak funtsezkoak eta beharrezkoak dira, gure udalerriaren eta gure gizartearen etorkizuna baitira. Horregatik, gure esku dagoen guztia egingo dugu, gazte begirunetsuak, konprometituak eta balioak dauzkatenak izan daitezen”.
Azaroaren 25eko egitaraua
Sandra Barrenetxea berdintasun teknikariak azaldu duenez, filmek, mahai-inguruak, ikastaroak eta omenaldiak osatuko dute aurtengo azaroaren 25eko egitaraua.
Hona egitaraua:
* Azaroaren 4. “Golfas” antzezlana.
* Azaroaren 22. Mahai-ingurua: “nerabezaroko indarkeria matxistak eta sexu-indarkeriak”. Parte-hartzaileak: Miriam Aleman Calatayud (hezitzailea, filosofoa, komunikatzailea); Patricia Temprano Conde (nerabeen arteko indarkeria matxistako psikologo espezialista), Izaro Auzmendi Sarasa eta Aitor Altuna Etxabe (Arremanitz kooperatibako kideak), eta, Sheila Melcon Lopez (psikologo aditua indarkeria matxistetan). Basteron, 18:30ean.
* Azaroaren 24. “Hacer las cosas como una niña” filma. Ondoren, familiekin hausnarketa egingo da; Ludotekan, 17:00etan. Halaber, “gazteen arteko komunikazio positiboa” izeneko lantegia egingo da. Gazte lokalean, 17:30etan.
* Azaroaren 25.
- Txapa lantegia. Gazte lokalean, 17:30ean.
- 19:00etan, Goikoplazan, indarkeria matxistaren biktimei eta bizirik atera direnei omenaldia.
- 20:00etan. Anari abeslariaren kontzertua (doan). Basteron.
* Azaroaren 26. Autodefentsa ikastaroa. Alluralde kiroldegian. Allurralde kirodelgian, 09:30-15:00.