Herriko zenbat kultur eragileen partaidetzarekin egin dute ekitaldia. Maite Sagasetak eta Ekaitz Ollo Tolok (Maizorri txalaparta elkartea) txalaparta hotsa zabaldu dute; Unai Barrutia dantzariak (Urki dantza taldea) eta Xabier Cabezon txistulariak (Burdina) aurreskua eskaini diete zendutako Burdina elkarteko kideen (Mikel Iradi, Manu Izagirre, Joxe Pablo Usandizaga, Regino Otegi eta Benigno Gonçalves Beni) senitartekoei; Punttuka bertso eskolako ikasle gazteek (Gaizka Larrarte, Eneko Gonzalez eta Noa Prado) bertsotan aritu dira; eta azkenik, Goiatz Salbadorrek eta Aizpea Arrutik kantu saioa egin dute.
Ubarango baila, ezagutzera eman beharreko altxorra
Joserramon Berrondo eta Ander Otaño Burdina elkarteko kideek hitza hartu dute ekitaldian. Aurrez Salbador eta Arruti abeslariek bertsionatu duten Mikel Laboaren “Gure bazterrak” abestiaren letrari eutsi diote biek ere. Esan dutenez ”Maite ditut, maite, geure bazterrak lanbroak izkutatzen dizkidanean, eta halaxe segitzen dugu, Andoaingo ondare historikoa txukuntzen eta gizarteratzen”.
Leitzaranen kokatzen de Ubaran bailara aipatu dute bereziki. Andoaingo inguru naturalean topa daitekeen “altxor polit, ezezagun eta izugarrizko historia daukana”.
Ubaranen bertan, azken aldian, lau karobi, burdinola bat eta burdina erretzeko labe bat identifikatu eta berreskuratu dituztela zehaztu dute. “Gaur egun apenas bizi den inor bailara horretan, baina ekonomikoki garrantzi handiko eremua izan zela adierazten digute ondare historiko horiek. “Badira orain 500 urteko agiriak horixe zehazten digutenak. Bertan dagoen galtzada erabiltzen zen bertan ekoitzitako burdina garraitzeko; Besabiko parajetik eta Onddi mendi hegaletik behera Hernaniko Osinaga auzora jaisten zen, eta hortik zuzen Pasaiako portura eramateko”.
Leitzarango bailaran, maiz, Andoaindik urrun geratzen diren ondareak berreskuratzen aritu direla gogoratu du Berrondok. Oraingoan, aldiz, Ubaran herritik gertu dagoela gaineratu zuen. “Leitzarango Interpretazio zentroa badugu, eta egokia litzateke bertan integratzea Ubarango bailarak berarekin daukan altxor historikoaren ezagutza eta zabalkundea”. Berrondok gaineratu duenez, iaz Udalean planteatu zuten ideia hori, eta lanketa horri eutsiko diote etorkizunean ere.
Ekitaldiaren amaieran, Burdina elkarteko kideak, zendutako kideen senitartekoak, Udal ordezkariak eta hainbat herritarrak argazki baterako bildu dira. Ondoren, hamaiketako goxo batez gozatzeko aukera eduki dute.