Bere azken lan-egunean Aiurriri adierazi zionez, bezero fidel ugari eduki ditu, belaunaldiz belaunaldi hurbildu zaizkionak aholku eske eta era askotako jantziak erostera. Horiengana zuzendu nahi izan zituen bere lehen hitzak: “Betiko zein aldian aldiko bezeroei, bihotzez eskerrak eman nahi nizkieke, 35 urtetan Francis jantzi-dendarekin erakutsi duten konfiantzagatik eta fideltasunagatik”.
Lokala errentan hartuta eduki du zabalik denda urte hauetan, eta adierazi zuenez, oraingoz beste inork ez du interesik agertu bertan jantzi-dendari segida emateko, nahiz beste mota bateko negozioa zabaltzeko.
Francis Llamasek ia-ia lan-egun normala balitz igaro zuen azken eguna, eta oraindik bizimodu berrian denbora librea zertan igaroko duen pentsatzeko ere unerik ez duela hartu aitortu zuen. “Gure amak baditu 89 urte, eta bere zaintzak eguneko denbora zati bat kenduko dit; hortik aurrera, oraingoz, ez dabilkit tentatuko nauen beste zeregin edo aisialdi berezirik”.
Herriko dendarien egoera kezkagarria
Azken lan-eguna pozerako tartea izan behar lukeen arren, ezinbestekoa izan zen galdetzea Andoainen saltoki txikiek daukaten etorkizunaz. “Pena izugarria ematen didate herriko dendariek, urte mordoan antzeko pozak, zailtasunak edo nekeak partekatu behar izan baititut horietako askorekin”.
Bereziki Kale Berriaren egoeragatik aipatuta, hona bere erantzuna: “Jendeak uste du Kale Berria dela bereziki motel edo hila dagoena komertzioen ikuspegitik, baina panorama nahiko orokorra da herri guztian; ikusi besterik ez dago zenbat lokal itxi diren azken aldian. Zumea plaza bera ere jendez gainezka ikusten den arren, egin behar da kontu jolasten dabiltzan haurrek ematen diotela bizitza batik bat; eremu horretan laubapost tabernek atera dezakete bizimodua, eta horiek ere, ez dakit bada, nik, zenbateraino…”.