"Estatu faxista-erlijiosoak inkisizioaren garaira garamatza"

Mikel Arberas 2022ko aza. 3a, 11:31
Mehrdad Ebadi eta Manizha Ahmadzai elkarrekin solasten. Aiurri

Salaketa eta elkartasun ekimen ugari egin dira mundu osoan, Mahsa Aminiren hilketa medio. Gehiago jakiteko, Mehrdad Ebadi iraniarrarekin eta Manizha Ahmadzai afganiarrarekin elkartu da Aiurri.

Azken asteetan, ekimen ugari egiten ari dira munduan afganiarrei eta irandarrei elkartasuna zein babesa erakusteko. Izan ere, irailean, Mahsa Amini 22 urteko neska kuduaren hilketak ekialdeko herrialde batzuen politika-sozial patriarkalak, matxistak eta errepresiboak azaleratu ditu. Ez hori bakarrik, erregimen autoritarioek sortako ezegonkortasuna medio, asko dira beren herrialdea zein familia atzean utzi eta Europako herrialdeetan egonkortu direnak. Horietako bi dira Mehrdad Ebadi eta Manizha Ahmadzai. Lehena, jatorriz, irandarra da, baina urteak daramatza Andoainen bizitzen; bigarrena afganiarra da eta duela zortzi hilabete iritsi zen herrira, Talibanak boterea berreskuratu ostean, hango egoera lazgarria jasan ezinda.

Nortzuk dira Mehrdad Ebadi eta Manizha Ahmadzai?

Manizha Ahmadzai: 28 urteko errefuxiatu afganiarra naiz eta nire jaioterrian ginekologoa lanean aritzen nintzen. Zoritxarrez, orain, langabezian nago; izan ere, nire unibertsitateko tituluaren homologazioaren zain nago. Hala ere, ginekologa batekin boluntariotza lanean nabil Gipuzkoako poliklinikan, beraz, ez daukat geldirik egoteko astirik. Ondoren, tituluaren homologazioa lortuko banu, MIReko azterketa egin beharko nuke lanean hasi ahal izateko. Duela zortzi hilabete bidaiatu nuen hona eta errefuxiatu gisa bizi naiz Andoainen, Talibanen gobernutik ihes egin ondoren.

Mehrdad Ebadi: Ni, orokorki, irandarren egoeraz jardungo naiz, asko baikara bertako estatu faxistaren ondorioz, emigratu genuenak. Zortzi milioitik gara, gutxi gorabehera, mundu osoan banatuta gaudenak. Kasuaren larritasuna aintzat hartzeko, jakin ezazue kopuru hori irandarren % 10 ingurukoa dela. 

Eta zergatik ihes egin? 1979. urtean Jomeinik boterea eskuratuta Iranen teokrazia bat ezarri zuelako edo zehatzago esanda gobernu erlijioso-faxista bat. Gobernu horrek, historian kalte handien eragin dituen bi osagaiak biltzen ditu: erlijioa eta faxismoa. Horiek horrela, 43 urte daramatzan borrokaz ari gara hizketan, zeinak beste hainbeste iraungo dituen, beste herrialdeen begiradapean. Afganistango egoera ere lazgarria da eta borrokak ez du etenik. 

Zuek biok Andoainen bizi zarete, egun. Alabaina, pentsatzen dut, Afganistango eta Irango egoera gertutik jarraitzen egongo zaretela. 

M.E: Guztiontzat ulergarria egiteko adibide bat esan beharko banu, frankismo garaiko 36ko Gerra bizitzen ari den familia batekin alderatuko nuke. Herritar asko desagertu dira edo desagerrarazi dituzte, familiak ugari banandu egin dira eta hilketak normaltasunez hartzen dira. Egunean bizi dira herritar gehienak, ez baitakite biharamunean zer jazoko den. 

M.A: Kezka handiz ikusten dut nire jaioterriko egoera; izan ere, familiako kideak Afganistanen bizi dira; ez hori bakarrik, niregatik galdetu izan diote familiari, mehatxu artean. Hala ere, behintzat, nire alabak Euskal Herrian oinarrizko eskubide batzuk bermatuta ditu. Afganistanen, berriz, eskubideak oso murritzak dira eta, are gutxiago, emakumezkoa izanda. Bi herrialdeen arteko aldea, irudika ezina da. 

Manizha, konta iezaguzu afganiar errefuxiatu gisa bizitzea zer den.

M.A: Arestian esan bezala, hemen, oinarrizko eskubideak bermatuta daudela esan genezake, baina, oro har, kanpotarrok jendartetik jasotzen dugun tratua eta begiradak mespretxuzkoak izan ohi dira. Arrazismoa, modu batera ala bestera, ia egunero pairatzen dugu, arlo askotan, gainera; izan anbulatorioan, kalean, dendetan edota etxebizitzak bilatzerakoan, beste askoren artean. Adibide bat jarriko dizut: bizitzeko gela baten bila ari naiz Fotocasa eta Idealista bezalako webguneetan, baina oztopoak besterik ez dizkidate jartzen. Sarritan, kanpotarrei edo etorkinei alokatu nahi ez diela esaten didate edota aitzakiak bilatzen dituzte. Mingarria da niretzat horrelako jarrerekin topo egitea. Oso jendarte aurreratua den arren, lanketa handia egin behar da arrazismoaren eta xenofobiaren gainean.

Emakumeen bizi baldintzak oso zailak dira Afganistanen eta Iranen, beste batzuen artean. Herrialde patriarkalak dira, autoritarioak eta emakumeentzako eskubideak existitzen ez direnak. Itzaletik argirako bidean, jendartean elkartasun olatu bat sortu da, poliziak Mahsa Amini 22 urteko neska gaztea hil zuela medio, hiyab-a gaizki jarria zuelakoan atxilotu zutenean. Irtenbideren bat lortzeko itxaropenik ba al duzue?

M.E: Gobernatzen ari den estatu faxista-erlijioso patriarkalak inkisizioaren garaira garamatza, 500 urte atzera. Izaera erlijioso autoritarioa oinarri duen Errepublika Islamikoak osatzen du Irango gobernua. Afganistango kasuan, Talibanak dira gobernuan daudenak. 

Ez hori bakarrik, gobernu teokrazista hauek santutasun izaera hartzen dute. Hau da, jainkoak bidalitako mezularien rola hartzen dute. Zer esan nahi du horrek? Edozein manifestazio, protesta edo agerraldi Jainkoaren eta erlijioaren aurkako ekintzatzat dituztela, hortaz, parte hartzaileak ere herejetzat hartzen dituzte. Jainkoa bat eta bakarra da, handiena eta ez da besterik onartuko. Hori guztia azalduta, emakumeak dira, gehien bat, jazarpen-sozial handiena jasaten dutenak, sistemaren izaera ideologikoa medio. Hari beretik tiraka, jazarpen lazgarri hori gutxiengo taldeek ere pairatzen dute: LGTBIQ+, bestelako talde erlijiosoak, gobernuarekiko bestelako pentsamendua dutenak eta abar.

Gobernu hauek Jainkoan besterik ez dute pentsatzen. Helburu nagusia, herritarrak erlijioaren bidetik eramatea da, eta, beraz, herrialdeak dituen benetako arazoak ez dituzte aintzat hartzen, hala nola osasungintza, enplegua, industria eta nekazaritza, beste askoren artean. Orduan, zure galderari erantzunez, bi herrialdeetan gertatzen ari den herri-altxamendua jazoera askoren ondorio da eta Mahsa Amini gaztearen hilketa lehergailua eztandarazi duen txinparta izan da. Egoera larri guzti horrek guztiak herritar kualifikatuen emigrazioa bultzatzen ari da, herrialdearen kalterako. 

Aipatu duzuen guztiarekin, bi herrialdeen gainbehera uste baino gertuago dagoela dirudi...

M:E: Bai, zalantzarik gabe. Hortxe doa beste datu esanguratsu bat: Iraneko droga-menpekotasunaren kopurua 5 milioitik gorakoa da, hau da, biztanleriaren % 6 a drogen atzaparretan murgilduta dago. Gainera, munduko exekuzio tasa altuena duen herrialdea da Iran. Urtero 700dik gora pertsona hiltzen dituzte, hots, egunero bi. Hori gutxi balitz, Sharia lege sistema islamiarra ezarri dute, zeinak, delituren bat egotziz gero, gorputzeko atalak moztu, latigoarekin jo edota harrikatzeak egingo dituzten zigor modura, beste batzuen artean. Bitartean, mendebaldeko herrialde demokratikoek ez dute laguntzen.

M.A: Afganistanen ere arazo larria dago drogarekin; 6 milioi biztanle dira, gutxi gorabehera, zuloan sartuta daudenak (% 17). Iranen eta Afganistanen, emakumeen testigantzek ez dute ia ezertarako balio, ezin dute abestu edota dantza egin, ezin dute bizikletan ibili, ezin dute gizonezko baten baimenik gabe bidaiatu, eta, horrela, beste hamarnaka arau pentsaezin. 

Manizha, oker ez banago buruko zapia ez jartzearen erabakia hartu zenuen.

M.A: Ez dut Afganistanetik ihes egin, nire kultura atzean utzita, Andoainen ere hango lege matxistak betetzeko. Errefuxiatua afganiarra naiz, baina, hemengo herritarrak bezalaxe, aske eta jazarpenik gabe bizi nahi dut. 

M.E: Gauza batzuk ulergaitzak egiten zaizkit. Zergatik onartzen dute giza eskubideen aldeko talde eta erakunde feminista batzuek, emakumeek chador edota burua estaltzeko zapia jartzea, ohiko tradizio bat izango balitz bezala? Hau ez da onargarria! Berriro diot, zapia ideologia matxistaren eta patriarkalaren ispilu dira! 

Kronologia egitearren, Estatu Batuarrek Afganistango gerraren bitartez herrialdea hartu zuten 2001eko urrian, eta 2021 urtera arte iraun zuten; 20 urtez, Talibanak itzalpean egon ziren. Iaz, estatubatuarrek Afganistanetik alde egin ostean, Talibanen esku geratu zen herrialdea, abuztuaren 15ean. Munduko hedabide guztietan albiste izan zen gertakaria. Nola bizitu zenuen egoera hura?

M.A: Talibanak boterea berreskuratu arte, 'normaltasunez' igarotzen ziren egunak. Bizitza ohiko zela esan genezake. Igande batean jazo zen guztia, lanean nengoenean. Lan egiten nuen lekua AEBetako enbaxadatik gertu zegoen, beraz, lehen mementotik tentsioa gertutik sumatu nuen. Bat-batean, enbaxadara helikopteroak gerturatzen hasi ziren, bertako langileak eta materiala ateratzeko. Orduan, lagun batek deitu eta zera esan zidan: "Dokumentu batzuk sinatu eta eskuratu behar dituzu, bestela, horiek lurraldea berreskuratzen dutenean, orain arte lortutakoak ez dizu askorako balioko". Dokumentu hura sinatu ostean, kaleetan beste giro bat sumatzen zen; beldurra nagusitu zen eta garraiobide guztiak gainezka zeuden. Nik, dirutza ordaindu behar izan nion taxista bati etxera itzultzeko. 

Ordu batzuetara, kaosa nagusitu zen. Gutxinaka jendartea aldatzen hasi zen: emakumeak zapiak janzten hasi ziren, herritarrak ihes egiteari ekin zioten, lapurretek nabarmen egin zuten gora eta erasoak nonahi. Anarkia totala. Trantsizioa egoera batean murgildu zen herrialdea. Behingoz, etxera iritsi nintzenean, ezin sinisturik nengoen. 

Hurrengo bi hilabeteak deskribaezinak izan ziren, amets gaiztoa. Lanera gizonezko batek lagunduta joan behar nuen, baina anaiak ezin zuenez, lanera joateari utzi behar izan nion. Arazoak nonahi.

Eta nola egin zenuen ihes Afganistandik?

M.A: Afganistango egoera lazgarriaz gain, arazo familiarrak nituen. Nire senar ohiak Talibanen antzerako pentsamendua zuen, beraz, gauza asko debekatzen zizkidan, tartean, ikastea. Egoera jasanezina zen eta banandu egin nintzen. Ordea, Talibanak boterea berreskuratu zutenean, beste epaitegi batek nire dibortzioa baliogabetu eta berarekin itzultzera behartu ninduen. Egoera hura berriro jasan baino nahiago nuen hil. 

Hori guztia esanda, Afganistango eta Pakistango mugara zeharkatu nuen gau hotz batean, eta Espaniako enbaxadara joan nintzen babes-politikoa eskatzera. Handik gutxira, baimena eman zidaten eta hona etorri nintzen. 

Beraz, guztia sakrifikatu behar izan duzu.

M.A: Bai, halaxe da. Estatubatuarrek saldu egin gintuzten, bapatean, herrialdetik joan zirenean. 

Nola aurreikusten duzue etorkizuna bi herrialde horietan?

M.E: Zaila. Mundua gobernu boteretsuen artean banatuta dago, besteak beste, Txina, Errusia, Europar Batasuna edota Estatu Batuak; bada, Iran bezalako herrialdeak boteretsuen txotxongiloak dira. Horiek horrela, nahi bezala erabiltzen dute herrialdea, herritarron kalterako. Etorkizun ezjakina dugu aurretik.

M.A: Talibanen gobernupean Afganistango etorkizuna iluna da, ezjakina eta arriskutsua. Mendebaldeko herrialdeen laguntza ezinbestekoa da, baina, benetan, oso zaila ikusten dut, ia ezinezkoa. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!