Udane Juaristik artelanez osatutako erakusketa ireki du Basteron

Aiurri 2022ko aza. 4a, 10:42

Udane Juaristi Udatxo-k (Azkoitia, 1985) “Bidai apunteak” izeneko erakusketa zabaldu berri du Basteron. Akrilikoz pintatutako hainbat artelan ekarri ditu Andoainera, eta azaroaren 26a arte egongo dira ikusgai. “Askotan lurrera begira pausoak ikusiz eta egun eguzkitsuak marrazten dituen itzalei erreparatuz” joaten den artista dela aitortzen du Juaristik.

Basteron joan den ostiralean egindako irekiera ekitaldian adierazi zuenez, bere obrek kutsu urbanoa izan ohi duten arren, azken aldian, bere sormen prozesu pertsonalean, gaiak bigarren maila hartu du.  “Zer” galderari baino gehiago, “nola”ri erantzuten diote beren azken artelanek, Errealismotik abstrakziorako bidean, kolore batzuen gainean, irudi desberdinak proiektatu, eta fusio horietan sustatzen diren forma, kolore eta sentsazioei eman die garrantzia.

Hain zuzen, 2022an sortutakoak dira Azkoitiako artistak Basteroko erakusketa gelako hormetan zintzilikatu dituen artelanak.

Erakusketan tematika ezberdinetako lanak ikusi daitezke, eta naturaren koloreak, loreak eta landareak, beraien itzalak eta sortzen dituzten formak, jendea mugimenduan eta oinez… islatzen dira artelan horietan.

Guztiak akrilikoz pintatuak dira, modu desberdinetan: akrilikoa oihal gainean, akrilikoa paper gainean, akrilikoa eta tinta paper gainean, edota, akrilikoa oihal eta paper gainean.

 

Horma-muralen egilea

Muralismoaren diziplina artistikoarekin buru belarri dabil azkoitiarra azken aldian. Kalean egin dituen zenbait horma-irudi erraldoien artean, aipatzekoa da Oviedon 2019an egin zuena, urte hartan munduko horma-irudi onenetako bat izendatu baitzuen arte urbanoan aditua den Street Art 360 izeneko web guneak. Ikusgai dagoen bere azken horma-irudia, Donostiako Urumea pasealekuan kokatzen da, eta guardia zibilak Tuteran 1979an erail zuen Gladys del Estal ekologistaren omenez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!