N1 ANDOAIN A15

“Andoaindarrak ez dira trafikoak sortzen duen arazoaren erantzuleak”

Jon Ander Ubeda 2022ko aza. 9a, 11:32

C2ak kaltetutako plataformako kideak Batzar Nagusietan izan dira, Bide Azpiegituretako batzordean parte hartzea eskatu zutelako. Perez de Eulatek plataformaren ekimena aurkeztu du, eta batzarkideek bi erronda ezberdinetan iritzia eman eta galdera egiteko aukera izan dute.

Batzar Nagusietan, Perez de Eulatek irailetik hona plataformak abiarazi duen ekimena defendatzeko eta garatzeko aukera izan du. Grafikoak eta datuak erabiliz, eta aipamen historikoak eta konparazio gastronomikoak erantsiz, C2ak sor ditzakeen galerak defendatu ditu.

Andoainen plataformaren mozioarekin bat egin zuten EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek. EAJ-PNV abstenitu egin zen. Batzar Nagusietan, Gipuzkoako parlamentuan, babes horiek zenbateraino diren berdinak ikusteko eguna zen. Test modukoa izan da, alde horretatik. Perez de Eulatek, aurrekoan Basteron egin bezala, argudio beretsuak defendatu ditu bere ohiko hizkeran. Datu ugari eskaini ditu, eta mezu ezberdinak bideratu dizkie ordezkari politikoei.

EAJ-PNVren izenean Galvez jaunak Gipuzkoako ikuspegia defendatu du, C2 egitasmoarekin “interes orokorra”ren alde egiten dela adierazi duenean. Konpromisoa agertu du zarata akustikoak sortzen duen arazoa gainditzeko garaian, eta C2a aurrikusi zuten teknikoen aldeko defentsa egin du. Izan ere, haren ustean, “interes orokorra” kontutan hartu dute.

Perez de Eulatek eman dion argudioen artean, hauxe nabarmenena: “Andoaindarrak ez dira trafikoak sortzen duen arazoen erantzuleak”.

PSE-EEk bitasun modukoa erakusten jarraitzen du. Plataformaren ekimenari harrera beroa egin zion Andoaingo PSE-EEk eta Andoaingo alkateak. Batzar Nagusietan tonoa oso bestelakoa izan da. Martin batzarkideak lehen interbentzioan hotz zuzendu zaio Perez de Eulateri: “Errespetua zor zaio plataformari eta kontutan hartuko dugu plataformako kideek diotena. Aztertuko dugu diotena”. Bigarren interbentzioan galdera bat luzatu die plataformako kideei: “Zein alternatiba duzue 2011eko egitasmoaren aurrean?”.

Perez de Eulatek bi argudio eman dizkio: “Iraileko mozioaren bigarren puntuak dio birpentsatu egin behar dela Bazkardoko lotunea, eta Aldundiari eskatzen dio bitartean egitasmoa geraraztea. Errespetu instituzionala eskatzen dugu. Errespetua eta denbora, egitasmo berria garatu ahal izateko”.

EH Bildu agertu da Plataformako ideietatik gertuago. Iraola batzarkideak bigarren errondan adostasuna eskatu du: “Eguneratu egin behar dira alternatiba guztiak, eta erabakia akordio zabalen bidez hartu behar da. Udalaren mozioa hor dago, eta erakundeen arteko errespetua egotea eskatzen dugu”.

Elkarrekin Podemoseko Gonzalezek ere ulerkor jokatu du Plataformak defendatzen duenarekin: “Ulertzen dut C2a geraraztea eskatzen duzuela. Ez ditzala egitasmo berriak orain dauden arazoak biderkatu”.

PP alderdiak ez du batzordean parte hartu, baina alderdiak irailean adierazi zuen Aldundiaren egitasmoa ez dela irtenbide egokiena.

Giro onean joan da interbentzio osoa. Plataforma saiatu da euren ikuspegia agertzen. Batez ere, Andoaingo etorkizunean izan dezakeen eraginaz ohartarazten eta landa eremuarentzat, industriarentzat eta herritarrentzat C2ak ekar ditzakeen gabeziak mahai gainean hartzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!