Haur eta gaztetxoen artean egiten da gehien euskaraz, eta gazteek eta adinekoek egiten dute gutxien. Haur eta gazteen datu hori eskolari lotutako zerbait da akaso? Ikerketaren ondorioek behar bat antzeman dute, euskaraz eroso aritzeko baldintzak sortzeari buruzkoa: “Gogoratu behar da, haurren eta gazteen artean, asko direla gehienbat euskara eskolaren bitartez jaso dutenak, bigarren hizkuntza modura; era berean, kontuan izan behar da eskolan ikastetik kalean modu espontaneoan erabiltzerainoko jauzia ez dela modu errazean gertatzen, eta, beraz, ezinbestean kaleko baldintzak eta hizkuntzaren aldetik konfiantza-giroko testuinguruak sendotzea beharrezkoa dela, bai, sareak indartuz, eta baita erraztasuna lantzeko bideak ere proposatuz”.
Adinekoak haurrekin euskaraz, adinekoen artean ez hainbeste
Haurren inguruan, beraz, euskaraz gehiago entzuten da. Eta igoera horretan zerikusia dute adinekoek, gurasoek zein aiton-amonek. Halako arau modukoa dagoela dirudi, haurrak tartean egonik euskararen aldeko hautua handitzen baita: “Euskal Herriko kaleetan pertsona nagusiak euskaraz gehiago aritzen dira haurrak hurbil daudenean, eurak bakarrik daudenean baino. Joera hori orokorra da, eta Andoainen ere araua hala betetzen da. Badirudi pertsona nagusiek euren harreman horizontaletan gaztelaniarako joera sendoagoa dutela eta haurrekin daudenean errazago baztertzen dutela joera hori: nagusien arteko taldeetan entzuten da gutxien euskaraz, eta haurrekin daudenean, aldiz, nabarmen igotzen da euskararen erabilera”.
Gakoa haur eta gazteen joeran dago
Datozen urteetako bilakaerari begiratzekoan, garrantzitsua izango da haurren eta gazteen joerei erreparatzea. Horixe dio ikerketaren ondorioak: Andoainen, euskararen erabilerak zertxobait behera egin du azken bost urteetan. Bestetik, haurren erabilera altua da, baina gazteetan ez da hori islatzen. Kanpo-eraginak tarteko direla ere, zaindu beharrekoak dira haur eta gazte horien hizkuntza-erraztasuna, euskaraz modu lasaian aritzeko aukerak eta euskarazko sozializazioa. Herritar guztiek dute zeregina eginkizun horretan”.
Udaleko Euskara lansailak antolatuta, Euskaraldiaren baitan
Euskaraldiaren baitan aurkeztu diren datuok. Erantsita doa Soziolinguistikako Klusterraren txostena. Segidan, solasaldia izan zen hiru herrikideren artean. Herritar ezberdinek hitza hartu zuten solasaldi berean.
🗣👂👄 #Andoain #EUSKARA Zenbat euskara erabiltzen da Andoaingo kaleetan? Hizkuntzen erabileraren kale-neurketaren emaitzen aurkezpena eta mahai-ingurua
— Andoaingo Udala (@AndoaingoUdala) November 7, 2022
🗓 Azaroak 8, asteartea
⏰ 18:30
📌 Bastero Kulturgunea pic.twitter.com/8uGDywO8oE