Ostegun berezia izango da azaroaren 17koa. Burrunba eta Elektropottotte elektrotxarangek Andoaingo kaleak zein tabernak musikaz girotuko dituzte.
Datorren ostegunean, Euskaraldiko ariketari ekiteko beroketa izango dugu herrian. Ahoa biziarazteko eta belarria prestatzeko aukera izango dugu festa giroan, musikaz girotutako pintxopotean. Izan ere, hamairu izan dira ekimenarekin bat egin eta pintxopotea eskainiko duten tabernak. Beraz, iluntzeko 19:00etatik aurrera pintxoak dastatzeko aukera izango dugu honako tabernetan: Bastero, Hiru, Traiñerum, Irunberri, Txindoki, Gaztelutxo, Txuri-beltz, Muga, Amama Klaudia, 97, Txitibar, Txalaka eta Danena.
Burrunba eta Elektropottotte elektrotxarangak arituko dira tabernaz taberna, herritarrak dantzan jartzen. Burrunba elektrotxaranga irundarrak ibilbide luzea darama musika munduan. Horiek hasiko dira lehenik, Plaza Moretik. Zumea Plaza inguruak, ordea, Elektropottotte elektrotxarangak hartuko ditu. Herriko hiru partaiderekin, aski ezaguna egin da eskualdeko elektrotxaranga azken boladan. Lehen aldiz joko dute herrian, zirraraz eta ilusioz, baina herrian jotzeak dakarren urduritasun gehigarriarekin.
Festa giroan Euskaraldari ongietorria egiteko aitzakia paregabea izango da.