Gizarte laneko unibertsitate-gradua egin zuen Donostian, eta, ikasketen harira, Erasmus programan parte hartuta Txilera bidaiatu zuen hilabete batzuetarako. Bertan, bestelako egoera sozio-politikoa aurkitu zuen: jendartearen altxamendua, desadostasuna eta haserrea. Urte pare baten buruan, jasotako informazioarekin eta argazkiekin fanzine bat egitea otu zitzaion, gaur arte. Jada hamaika fanzine eskatu dizkiote aurresalmentan, eta beste hainbeste erreserbatzea aurreikusten du.
2019. urtean Txilera bidaiatu zenuen Erasmus programarekin, baina topatu zenuena herri baten etsipena eta haserrea izan zen, ezta?
Bai, hala da. Testuinguruan kokatzeko, uztailean bidaiatu nuen Txilera, baina urrian egin zuen eztanda matxinadak. Iritsi nintzenerako egoeraren larritasuna oso nabaria zen, baina, esan bezala, eztanda egun batetik bestera jazo zen. Metroaren prezioa igo zuen gobernuak (30 peso) eta horrek jendartea leherrarazi zuen; horiek horrela, metroko sarrera-irteerak blokeatu zituzten. Horrek, herriaren eta gizartearen arteko talkari bidea ireki zion. Hori guztia eta gehiago, fanzinean dago ikusgarri.
Beraz, prezioaren igoera izan zen jendartea eztandarazi zuena?
Gizarte eztanda hartan, oso lelo argigarria entzun nuen, behin baino gehiagotan: "Ez dira hogeita hamar peso, hogeita hamar urte dira". Herritarrak urteak zeramatzaten erabaki eta neurri bidegabeak jasaten; hortaz, garraio publikoaren garestitzea egoera are jasanezinagoa bilakatu zuen.
Esan beharra dago gizarte eztanda hura antolatu gabea eta bat batekoa izan zela. Horregatik, gerora, egin beharreko aldaketa nagusia Pinochetek ezarritako konstituzioa aldatzea zela erabaki zen. Duela aste batzuk egin zen konstituzioaren erreferenduma hori guztiaren ondorio da.
Fanzinean ikus daitekeenez, lehen lerroan egon zinen eta gizartearen haserrea zure azalean bizitu zenuen. Bizipenak gordinak izan ziren?
Manifestazioetan ohikoa zen jendea zauritua eta odoletan ikustea, baita gas negar-eragile artean ibiltzea edota balinekin jende zulatua ikustea ere. Tiroen ondorioz, herritar batzuek begia ere galdu zuten. Eraso horiek guztiek, munduan, zer esan handia eman zuten, erraz zabaltzen diren irudiak baitira.
Egoera hark jendartea zatitu ala batu zuela uste duzu?
Politikoki pentsaera ezberdina dutenen artean ere, oinarrizko adostasun batera iritsi zirela esan genezake. Hots, egoeraren larritasuna aintzat hartuta, eskakizunak antzerakoak izan ziren, eta bakoitzaren ideologia oso ezberdina izan arren, agerraldi batzuetan bat egin zuten.
Txileko egoeraren larritasunaz ari garenean, zer esan nahi duzu?
Laburbilduta, ez dituztela baliabideak. AEBk ezarri zuen neoliberalismoak, gaur egun ere, gogor jotzen du eta, herritar xumeen artean, oso nabaria da. Esan bezala, ez dute baliabiderik, ez eta botere ekonomikorik egunean egunekoari aurre egiteko. Herritar ugari txirotasunean bizi direla esan genezake. Ez hori bakarrik, inflazioa handiaren ondorioz, herritarrak itotzen ari dira. Prezioek gora besterik ez dute egiten.
Nolatan erabaki zenuen bizipen guztiak fanzine batean biltzea?
Intentsitate handiko hilabeteak izan ziren, beraz, denbora behar izan nuen bizitako guztia neureganatzeko. Hori guztia asimilatuta, zera esan nion nire buruari: "Egoera historikoa bizitu dut, lehen pertsonan eta herritarren azaletik. Zerbait egin behar dut". Hortaz, nire argazkilaritza zaletasuna eta, jasotako bizipenak uztartuta, fanzine bat egitea erabaki nuen. Batetik, formatu libreko aldizkari bat delako, eta, bestetik, askatasun handia ematen dizulako. Horrez gain, ez nuen editorial baten esku utzi nahi nire proiektu pertsonala.
Lan handia eskatzen duen proiektua garatu duzu. Laguntzarik izan al duzu prozesuan?
Proiektuaren ideia nuen arren, lagunek bultzatu ninduten egitera. Esaterako, Ainhoa Marquez lagunak ezagutarazi zidan fanzinearen mundua. Oso eskertuta nago.
Zer helarazi nahi izan duzu fanzinearekin?
Irakurleak hausnarketara bultzatu nahi ditut. Hau da, bizi garen burbuilatik irten eta errealitate gehiago existitzen direla erakutsi nahi dut, gordinagoak eta ezberdinak.
Zer du berezitik zure proiektuak eta zertan bereizten da ohiko hedabideengandik?
Nire ustez, fanzineak arazoaren erroa gehiago aztertzen du. Izan ere, komunikabideek informazioren bonbardaketa egiten dute, beraz, albiste asko oharkabean igarotzen dira. Informazioaz intoxikatzen gaituzte. Horregatik, nire fanzinean interesgarria izan daiteke, jazotakoaz hausnartzeko eta egoera ikuspuntu pertsonalago batetik ulertzeko.
Aurresalmenta prozesuari ekin diozu. Zer dela eta?
Nire helburua ez da soilik saltzea, baizik eta interesa duen horrekin gaiaz hitz egitea, tratu pertsonalagoa eskaintzea eta iritziak elkartrukatzea.
Gainera, fanzinea historikoki, medio konbentzionaletatik at, herritarrekin ideiak partekatzeko tresna bat izan da, eta hori ekarri nahi nuen gaurkotasunera.