Ezusteko atsegina, Ganbara taldearena

Xabier Lasa 2022ko aza. 10a, 12:47

Andoaingo kirol-taldeek eta kirolari gehienek ekin diote denboraldi berriari, eta guztien artetik berrikuntzaren bat nabarmentzekotan, Ganbara Saskibaloi Kirol taldean emakumeen lehen taldea sortu izana da.

Horrenbestez, lau talde osatu ditu lehiarako Ganbara taldeak aurtengo denboraldiari begira: kadete mutilen (14-15 urte) Aterpe taldea; junior mutilen (15-16 urte) Ganbara taldea; jubenil mutilen (16-18 urte) Ganbara taldea; eta, infantil nesken (12-13 urte) Ganbara-Plastigaur taldea.

Azken hilabeteetan, aparteko eginahala egin dute nesken taldea osatu zedin, eta lanketa horretan buru-belarri aritu dira, besteak beste, jokalarien gurasoak diren Txaro Carrero eta Marialu Oiartzabal.

Pozgarria da, benetan, albistea, Andoainen neska gazteek saskibaloian jokatzeko aukera edukitzea hemendik aurrera.

Marialu Oiartzabal: Bai, jakina, eta guztien artean egindako saiakeraren emaitza pozgarria izan da. Gurasoek bultzada zuzena eman diogu ekimenari, baina ezinbestekoa izan da Ganbara Saskibaloi Kirol taldearekin egindako elkarlana, edo eta hiru ikastetxeetako kirol arduradunen edo marka babeslearen laguntza. Txalogarria da taldea sortzeko ez ezik, etorkizunean aurrera egiteko guztien erakutsi duten inplikazioa.

Andoainen saskibaloian nesken talde bat izatearen premiari erantzun dio zuen ekimenak.

M. O.: Argi dagoena da geure alaben eskariak mugitu gaituela; gainerakoan nekez sartuko ginen abentura honetan. Iaz eskola-kirola, beste kirolen artean, saskibaloian aritzeko aukera eman zieten Aita Larramendi ikastolan. Batzuek agudo ikusi zuten beren gogoko kirola zela saskibaloia. Kontua da “saskibaloian jokatzen segi nahi nuke” esanez etorri zitzaizkigula alabak etxera. Geure aldetik, inguruan ze aukerak zeuden aztertzera jarri, eta ohartu ginen gertuena Lasarte-Oriako taldea zeukatela. Hortik jotzea pentsatua geneukan hasieran, baina, denboraren poderioz, geure buruari bota genion galdera, desafio baten antzera: “Zergatik ez Andoainen taldea sortu, edo behintzat saiatu horretan?”. Izan ere, kirolarekin gozatzen jarraitu nahi duten Andoaingo neska gazteei futbola edo eskubaloia jartzen zaizkie aukeran, batik bat, eta gauzak zaldu egiten zaie eskema horretatik atera nahi dutenentzat.

Txaro Carrero: Ganbarako taldeko arduradunengana jo, eta geure nahia azaldu genien. Eurek behin baino gehiagotan saiatu izan direla, baina, zoritxarrez, ezinezkoa egin zaiela aitortu ziguten. Nolanahi ere, enpeinuan segitzera animatu gintuzten, bidean, beren baliabide guztiak eskura jartzeko konpromisua azaltzearekin batera.

Kontatuko al dizkiguzue kirol taldea osatzeko prozesuan emandako urratsak?

M. O.: Maiatza aldera, herrian, kartelak zabaldu zituen Ganbarak, saskibaloia probatzeko gonbidapena zabalduz. Aldi berean, ahoz ahoko kanpainari ekin genion gurasoek eta baita alabek ere.

T. C.: Nahiz eta hasieran ikastolako gurasoen ekimena izan, herriko hiru ikastetxeetako jokalariak biltzea zen gure nahia, eta, alde horretatik, pozik gaude erabat emaitzarekin. La Salle-Berrozpe, Ondarreta eta Aita Larramendiko neskak talde berean ikusteak, egundoko satisfazioa ematen digu.

M. O.: Hamabost neska bildu dira taldera, eta espero ez zen arrakasta! Kopuru hori ikusita, bi talde sortzea ere planteatu zen uneren batean, baina ezeztatu egin zen. Izan ere, bide berria urratu da, eta horri eutsi behar zaio oraingoz. Emakumeen saskibaloirako aukera ireki zaie Andoaingo neskatxei, eta errotu beharreko errealitatea behar du izan. Etorriko zaigu txanda aukera zabaltzeko adin eta kategoria desberdinetara; egitasmo horri bultzada emateko konpromisua hartuta daukagu.

Marka babeslea aipatu duzue.

T. C.: Bai, plastikozko ontzien eta enbalajeen fabrikazioan aritzen den Plastigaur enpresak babestea lortu dugu. Andoainen errotutako enpresa sendoa nahi genuen edukitzea atzean laguntzaile komertzial gisa, eta Plastigaurreko finantza-zuzendariri planteatu genion egitasmoa. Berehala egin zuen bat proposamenarekin, eta eskertzekoa da hori.

Jokalariak, egundoko ilusioarekin

Helene Mora, Olaia Ramos, Alaitz Etxeberria eta Izaro Olazabal Ganbara-Plastigaur taldeko lau jokalari dira. Laukoteak hastapenetik erakutsi zuen gogoa saskibaloian jokatzen segitzeko, eskola-kirolak eskaintzen zien probaketaren ostean. Harrezkero, beste zenbait lagunekin batera, saskia daukan edozein jokalekutan, eta, ahal izan duten denbora libre guztietan, gero eta gogokoagoa dute kirolean lagunen artean gozatzea eta elkarrekin ikastea.

Berehala zerrendatu dituzte saskibaloia begiz jo izateko arrazoiak: “Kirol bizia eta dibertigarria da, eta, erabat kolektiboa denez, errazten du nork bere ardurak hartu ditzan, eta gainera, saskiratzeak guztien artean banatu daitezen”.

Egundoko ilusioarekin joan ohi direla entrenamenduetara aitortu dute lauek. “Beste ikastetxetako lagun berriak egin ditugu; ederki moldatzen gara, eta, egunez egun, saskibaloian sakontzen eta hobetzen ari garela antzematen dugu”.

Lehiaketa ofizialean ere eman dituzte lehen urratsak. Hiru partidu jokatu dituzte, eta, adierazi dutenez, mentalizatuta daude gehiegi ez erreparatzeko kirol emaitzei. “Badakigu bi edo hiru urtez jokatu izanaren abantaila daramatela ligako talde gehien-gehienek, eta ez hori bakarrik, gu baino urtebete zaharragoak direla zenbait aurkari. Horrexegatik, barneratuta daukagu ikastea eta eskarmentua poliki-poliki hartzea izango dela aurtengo denboraldirako gure eginbeharra”.

Bestalde, partidu ofizialak ikustera etorri zaien jendetzarekin eta harmailetan erakusten ari diren jarrerarekin harrituta daude. “Etengabe animatzen gaituzte, gurasoek, batez ere, eta benetan eskertzen diegu babes hori”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!