Erosketa bonu kanpaina berria, Gabonak iristear direnean

Aiurri 2022ko aza. 13a, 08:57

Udalak herri barruko kontsumoa sustatzeko kanpainaren edizio berria aurkeztu du. Datozen asteetan eskuratu daitezke bonuak, Gabonak amaitu bitarte erabili ahal izango direnak.

Bonuak eskuratu ahal izateko tiketak azaroaren 16tik 18ra banatuko dira eta bonuak 21etik 25era erosi ahal izango dira SALKINen lokalean. Erabiltzeko epea urtarrilaren 6an amaituko da.

Andoaingo Udalak 2300 kontsumo-bonu eskainiko dizkie herrikideei, HAN EDO HEMEN, EROSI ANDOAINEN kanpainaren baitan. 2.300 bonu berri jarriko ditu martxan herriko denda eta ostalaritza-establezimenduetan kontsumoa sustatzeko, Ekonomia Sustapen, Enplegu eta Gazteria Sailak SALKIN elkartearekin lankidetzan sustatu dute ekimena. Aurkezpenean parte hartu zuten Maider Lainez Andoaingo alkateak, Mari Jose Izagirre Ekonomia Sustapen, Enplegu eta Gazteria zinegotziak eta SALKINeko lehendakari berriak, Xixoriko Jone Etxeberriak.

Oraingo honetan bonu mota bakarra egongo da edozein saltoki edo ostalaritza establezimendutan erabiltzeko. Bonuek 50 euroko balioa izango dute eta 25 euroko prezioan salduko dira, gainerako erdia Udalak finantzatuko du. Bonu bakoitza 10 euroko 5 kupoitan banatuta egongo da, eta bereizgarri espezifikoa duten establezimenduetan kontsumitu ahal izango dira. Erabiltzeko epea azaroaren 21etik urtarrilaren 6ra bitartekoa da.

Mari Jose Izagirre zinegotzia: “Herriari, andoaindarrei eta gure ostalarien-merkatarien jarduerari zuzenean mesede egingo dieten ekintzak egitea sustatu nahi dugu, eta kanpaina hau ezin eraginkorragoa da zentzu horretan”.

 

Maider Lainez alkateak: “Aurtengo urtean aurrera eramandako bonuen bigarren kanpaina da. Udalak gure tokiko merkataritzaren alde egiten duen apustu garbia eta babesa agerian uzten ditugu”.

 

Nola eskuratu bonuak

Kontsumo bonuak azaroaren 21etik 25era erosi ahal izango dira SALKINen lokalean (Agustin de Leitza kalea, 11 zenbakian), agortu arte. Ilarak saihesteko eta erosketak errazteko, tiket zenbakidun bat eskainiko da, gero bonuagatik trukatu eta erosi ahal izateko.

  • Ordutegia: 10:00-14:00 / 16:00-20:00.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!