Martin Ugalde Ipuin Lehiaketako sariak idazle gazteen artean banatu zituzten

Aiurri 2022ko aza. 15a, 13:39

10-17 urteko gazteen artean ipuingintza sustatzea xede duen XXVI. Martin Ugalde Ipuin Lehiaketako sari banaketa ekitaldia ospatu zuten Basteron,  joan den ostiralean. 150 ipuin aurkeztu dira aurtengo edizioan, eta Libe Arruti, Eneritz Telleria, Aiora Otamendi, Aiora Diez, Naroa Asensio, Asier Bergara, Luken Txopeitia eta Manex Arruabarrena izan dira sarituak. Argazki sorta eta bideoa, ikusgai:

A kategorian (10-11 urte) 23 lan aurkeztu dira, B kategorian (12-13 urte) 43 lan, C kategorian (14-15 urte) 34 lan, eta D kategorian (16-17 urte) 50 lan.

Garazi Kamiok aurkeztu zuen ekitaldia, eta Ugalderen familiako Ainara Ugalderen, Maider Lainez Andoaingo alkatearen, Txitxu Ruiz Hezkuntza eta Kultura zinegotziaren eta Yolanda Arrieta Euskal Idazleen elkartearen eskutik jaso zituzten sariak irabazleek.

Epaimahaia, Garazi kamio, Karlos Linazasoro, Juan Ramon Makuso eta Iñaxio Mujikak osatu dute.

Ekitaldian barrena, Mikel Emezabal Udal Musika Eskolako klarinete irakasleak eta bere ikasleek bi pieza jo zituzten.

 

Sariak, izenak eta merezimenduak, mailaz maila:

 

A kategoria (10-11 urte):

* 1. Saria:  “Ezin egun okerragorik eduki”. Libe Arruti Etxabe.

“Ideia originala, irakurlearekin jolas egiten du eta ondo borobilduta hasiera bukaera lotuz. Heldutasuna adierazten du idaztearen inguruko gogoeta eginez”.

* 2. Saria: “Hitz totela naiz, arazoren bat?”. Eneritz Telleria Martin.

“Adin horrekin izaten diren arazoekin lotutako istorioa da, eta adiskidetasuna tratatzen du. Istorioa eta elkarrizketak oso ondo uztartzen dituen lana da”.

* Finalista: “Ez da posible”. Libe Azpiroz Delgado.

     

B kategoria (12-13 urte):

* 1. Saria:  “Mikeba”. Aiora Otamendi Baltasar.

“Zuen irri txikiekin bat eginez, ironikoa eta dibertigarria iruditu zitzaigun, eta gai sozialaren lanketa ondo egiten duen ipuin gainera. Pertsonen arteko garapena, adiskidetasuna eta elkartasuna erakusten ditu eta bere ingurunea umorez begiratzen du”.

* 2. Saria:  “Ez amore eman”. Aiora Diez Muñoz.

“Hasiera polita duen ipuina, hirugarren pertsonan kontatua da, eta hori deigarria egin zitzaigun epaimahaikideoi , ez baita ohikoa izaten adin hauetan. Muturreko egoeran, bi pertsonen arteko lehia adierazten du, eta indarra ematen dio esaldi motzekin”.

* Finalistak: “Mundu ezberdina”. Hegoa Palacios Zabala.

“Hegan goaz”. Maren Aranburu Ugalde.

 

C kategoria (14-15 urte):

* 1. Saria:  “minBIZI”. Naroa Asensio Gaston

“Gai delikatua modu egokian tratatua, draman sartu gabe, denboraren tratamendua ederki josi du. Etsi gabe borrokatu behar dela ipuinaren da mezua. Narrazioaren haria ondo eramaten du”.

* 2. Saria:  “Patua”. Asier Bergara Beola.

“Konplexurik gabekoa, pertsonai psikopata baten larruan sartzen da, politikoki zuzenean ez denari beldurrik izan gabe”.

* Finalistak: “Uraren koloreak”. Nora Urtasun Vicente.

“Bi bizitzako detektibea”. Marta Vazquez Martin.

“Anaiak”. Laiene Arteaga Eizagirre.

 

D kategoria (16-17 urte):

* 1. Saria: “Ba al dakizu nor izan den ikusi duen azken pertsona?”. Luken Txopeitia Zulueta.

“Istorio poliziakoa, ikerketa batean murgiltzen du irakurlea, bukaeran sorpresa emanez. Bakardadean inguruko kezka soziala adierazten du,. Idazkera ezin egokiagoa duen ipuina da”.  

* 2. Saria: “Bakartien Patua”. Manex Arruabarrena Amonarraiz.

“Gazteen arteko harremanak kontatzen ditu, hasiera indartsua du, eta adin horretako kezka eta beldurrak islatzen ditu”.

* Finalista: “Azken dantza”. Ainhoa Georg Urtasun.

“Ubitarte kalea”. Miren Zatarain Beraza.

“Mila esker Menphis”. Beñat Uria Amondarain.

 

Sari ematearen amaieran, Yolanda Arrietak, iaztik Euskal Idazleen Elkarteak eskaintzen duen sari berezia zertan den azaldu zuen. “Sari guztiak ez dira dirutan neurtu behar. Gazteek idazten eta irakurtzen segitzen dutela esatea, batzuetan bitxia izaten da. Hain zuzen ere, gazte horiei esan behar zaie berena dela etorkizuna. Frikiak gaude gaurko ekitaldian, eta zuei, gazteei, esango dizuet zuena dela mundu berri batean esperantza. Horrela, idazleen elkartean halako gauza txikia egin genuen, gazteei begirako Bihotzkide deituriko titulua, idazten jarrai dezazuen. Eta horretarako Martin Ugaldek zeukan zenbakia (jaiotza eta heriotza) kontuan hartu dugu, handik aurrerako zenbaketa errespetatuz. Era horretan, zuek ere Idazleen elkarteko Bihotzkide zarete. Zorro berezia oparituko dizuegu, eta hor barruan, oraindik esan gabe zerbait badaukazuenak, idatzi eta bertan gordetzeko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!