Martin Ugalden biltzen zarete zazpi lurraldeetako ordezkariak. Euskaraldia ate-joka dela kontuan hartuta, zein da, azken orduan, dituzuen zereginak?
Zeregin asko ditugu azken egunotan: prozesu guztian sortzen diren arazotxoak ahalik eta ondoen konpontzea dugu helburu, ahalik eta indartsuen egoteko. Herrietako aktibazioa garrantzitsua izaten da; herri-batzordeen bidez osatzen dugu hori. Batzordeekin koordinatzen gara, eskualde bakoitzaren egoeraren berri izateko nahiz kalea, giroa, indartzeko. Horrekin oso lotuta, inportantzia handia du, azken txanpan, txapen banaketak. Entitateei dagokionez, ariguneak sortu diren ala ez erreparatu ohi dugu.
Euskalgintzari begira, erreferentziazko lekua da Martin Ugalde. Zuek ekosistema horren parte izateak, mesede egiten al dio Euskaraldiari?
Erreferente handia da Martin Ugalde. Finean, Euskaraldia martxan jartzeko, saltsa asko izan ohi dugu tartean, eta, horretan, euskalgintza garrantzitsua izan ohi da. Martin Ugalde eredu izaki, guretzat ezinbestekoa da hemen egotea, laguntza eskatzen dugun oro, beti jasotzen dugulako.
Lana, telematikoki nahiz aurrez aurre. Nola uztartu bi alderdi horiek koordinazio handia eskatzen duen ekitaldia gauzatzeko?
Ez da erraza. Telelanean zaudenean, bulegoan ez dagoen bake hori izan arren, telefonoa jo eta jo izan ohi dugu. Estres handia sortzen du. Astean behin, eta, beharra dagoenean, gure bulegoetako batean biltzen gara koordinazio orokorreko kideak. Horrelako proiektu baten aurrean, beharrezkoa da fisikoki elkartzea, dauden erronkei erantzuteko.
Euskaraldiko antolakuntza-lanetan azken txanpan murgilduta zaudeten honetan, zer esango zenioke euskararen bidean den herritarrari?
Nork bere moduan, euskarari eusteko aukera polita ematen digu Euskaraldiak. Parte-hartzaile bakoitzaren erronkak desberdinak izango dira: etxean, lagun artean, lantegian… Erronka horri eusteko ariketa da, indarra hartzeko. Behin ariketa amaituta, inportantea da lortu ditugun edo lortzen saiatu garen aukerak baliatzen jarraitzea.