Haur eta Nerabeen Eskubideen aldeko ekitaldi sinbolikoa egin zuten

Aiurri 2022ko aza. 19a, 10:22

Azaroaren 20arekin izendatuta dagoen Haur eta Nerabeen Eskubideen Egun Unibertsalarekin bat eginez, Andoaingo Udaleko ordezkari politikoek, Hezi Zerbeko langileek eta bigarren hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleek beren eskuak marraztu eta udaletxean jarri zituzten atzo egindako ekitaldian. Andoainen tratu onarekin eta haurren babesarekin duten konpromisoaren erakusgarri izan zen ekimena. Ekitaldi argazki-bilduma eta bideoa, ikusgai: 

Maider Lainez alkateak ekitaldia adieraz zuenez “ekitaldi honen bidez Andoaingo Udalak haurren eta nerabeen eskubideen defentsarekin duen konpromiso handia adierazi nahi du, Andoain Haurtzaroari Tratu Ona emateko Udalerri Konprometitua delako”.

Laizenek gogoratu zuen joan den ikasturtean, Udalak, hainbat eragilerekin, komunitatearekin

eta Hezi Zerb elkartearen eta Educo Fundazioaren laguntzarekin, aurrerapauso handiak eman

zituela Andoain Haurren Tratu Onaren aldeko tokiko plana onartuz. “Plan hau abian jartzen ari da, besteak beste, Haurren Eskubideen aldeko  Nazioarteko Eguna ospatuz eta ikusaraziz” gaineratu zuen.

Ekitaldian Ibai Narbarte Tratu On elkarteko koordinatzaile eta Hezi Zerb elkarteko kideak hitza hartu zuen, eta jakinarazi zuen Andoaingo Lehen Hezkuntzako haurrek eskumuturreko berdeak banatuko dituztela, “ondo tratatuta eta babestuta sentiarazten dieten pertsonei”.

 

Adierazpen instituzionala

Andoaingo Udalak adierazpen instituzionala onartu du, azaroaren 20ko Haurtzaroaren Nazioarteko Eskubideen Egunaren harira. Hona idatzia:

“Andoaingo Udalak haurren eskubideak bermatzen dituen gizartea sustatu nahi du, ez etorkizun gisa, baizik eta egungo errealitate gisa.

Duela urtebete, haur eta nerabeekiko Tratu Onaren aldeko komunitate bat izateko konpromisoa sinatu genuen, eta gure bideari jarraitu genion, haurtzaroaren lagun de herria bihurtzeko.

Maiatzean Haurren Tratu Onaren aldeko Tokiko Plana aurkeztu genuen. Ikastetxe bakoitza bere Ikastetxe Plana diseinatzen ari da, bizikidetza ona eta guztion segurtasuna bermatzeko.

Gure eguneroko ekintzak haurtzaroari begiratu nahi dio, berarekin eta harentzat. Haurrek parte hartzeko espazioak sustatzen ditugu, haurrak eta nerabeak beren garapenaren parte izan daitezen.

Entzuteko espazioak eta horien protagonismoa sustatzen ditugu, eta haien ekarpenak kontuan hartzen ditugu.

Hezkuntza, parte-hartzea eta ingurune seguruak sortzea, berez eskubideak izateaz gain, horiek bermatzeko ezinbesteko bitartekoak direla uste dugu.

Ekintza komun honen bidez, Haurren Eskubideekiko etengabeko konpromisoa adierazi nahi dugu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!