Nazkatuta gaude urtero salaketa eta aldarri berdinak egiteaz, indarkeria matxistak bere horretan jarraitzen duen bitartean.
Aurten, bereziki, Mugimendu Feministaren kriminalizazio saiakera sistematikoa nabarmendu nahi dugu, eraso hauek emakumeon eta sexu-genero disidenteon borroken eta bizitzen kontrola lortzea baino ez baitute helburu, bai indar polizialen zein instituzioen aldetik! Algortako Mugimendu Feministako bi kideen auziperatzearekin gertatu den bezala. Gure elkartasuna helarazten diegu, eta ozenki esan nahi dugu, autodefentsa feministak ematen digun indarrarekin batera, elkar zaintzea eta babestea dela bidea!
Neska* gazteongan ere, indarkeria matxistak gure gorputz eta bizitzetan eragiten du: gure ingurunearen ongizatea bermatzen dugu, gure lagunen sostengu psikologikoa betetzen dugu, gure lagun gizonak zaintzen ditugu, lan prekarioetan eta kontratu gabe lan egiten dugu, eta abar luze bat…
Horregatik, Emakume eta sexu-genero disidenteon bizitzak egunero kolpatzen dituen indarkeria anizkoitzekin amaitzeko ordua da. Baina eraldaketa gure esku dago eta ardura denona da. Honenbestez, feminismoan kolektiboki borrokatzen jarraitu behar dugu. Soilik borrokatuz, elkar saretuz zein antolatuz posible baita aurrera egitea. Gure desioak eta gorputzak gure bizitzaren erdigunean jarri behar ditugu indarkeria matxista eta sistema zisheteropatriarkalarekin bukatzeko.
Beldurra eta Kontrolaren aurrean, Justizia Feminista!
Antolakuntza feministan boteretu gaitezen.
Sistema honetan elkar zaintzea erradikala delako!
Indarkeria matxistaren aurrean, Autodefentsa Feminista!