Andoaingo konposatzaileei gorazarre egiteko kontzertua, Santa Krutz ermitan larunbatean

Xabier Lasa 2022ko aza. 25a, 13:26

Gora Kalettxiki Banda, Joxe Mari Oiartzabal zuzendari duela, Santa Krutz ermitan 2019an egindako kontzertuan

Andoaingo konposagileen obrak interpretatuko ditu Gora Kaletxiki Bandak, musikarien zaindari den Santa Zezili eguna ospatzeko. Eulogio Saldias, Alberto Agirre, Jose Sainz, Luis Fraca, Joxe Mari Huizi eta Joxe Mari Oiartzabal dira gogoan hartuko dituzten musikariak. Kontzertua Santa Krutz ermitan, larunbatarekin, 20:30etik aurrera izango da.

Konposatzaile horien familiak gonbidatu bereziak izango dira kontzertuan.

Hona Gora Kaletxiki Bandak prestatu duen egitaraua.

 - Gure oroimenean zaudete (Joxe Mari Oiartzabal Beloki).

- Larramendi (Eulogio Saldias Urdanpilleta).

- Gora Elcano (Alberto Agirre Azurza).

- Andoain (Luis Fraca Royo).

- Goiburu (Jose Sainz Garmendia).

- Barria (Joxe Mari Huizi San Juan).

- Andoaingo kontsejupean (Joxe Mari Oiartzabal Beloki).

- Lau haizetara (Imanol Lartzabal).

- Xexili blues (Joxe Mari Oiartzabal; letra, Joxeramon Berrondo).

 

Lau estreinaldi

Guztira lau obra estreinatuko ditu Bandak jendaurrean, Santa Krutz ermitan: Gure oroimenean zaudete, Gora Elkano, Andoaingo kontzejupean eta Xexili blues.

Alberto Agirrerena da Gora Elkano, eta Joxe Mari Oiartzabalenak beste hirurak, azken urtetan sortu dituenak.

 

Andoaingo konposatzaileen obrak

Bandak aukeratu duen egitarauko kantuen egileekin erreparatuz gero, ikus daiteke herriko konposagileak direla gehien-gehienak (Imanol Lartzabal ez beste guztiak).

Egia esatera, Andoainen konta ezin ahala musikari sortu izan dira historian barrena, eta horietako askok, urrats bat aurrera emanez, konposatzaile ere izan dira.  

Larunbateko kontzertuan gogoan hartuko diren Andoaingo egileen gainean sakondu nahi dutenentzat, kaleratu izan dira argitalpenak azken urtetan. Horietako zenbait gogoratuko ditugu.

Horietatik hiru, Udal Bandaren zuzendari izan ziren: Eulogio Saldias (1856-1914), Alberto Agirre (1886-1973) eta Luis Fraca (1929-). Hiruen ibilbidea deskribatuta dago Ez abandonatu instrumenturik edozein taberna-zulotan ikerketa lanean, Xabier Huitziren eskutik (Leyçaur 12 aldizkaria, 2012. Andoaingo Udala).

Udal Musika Banda zaharra 1887an, Eulogio Saldias zuzendari duela (Argazkia: Andoaingo Artxiboa)

 

Bestalde, Alberto Agirreren biografia eta obrak bilduta dauzka Leire Ibañezek bi ikerketetan: Alberto Agirre musikaria eta Andoain: (Errezil, 1886-Andoain, 1973) (Leyçaur 4 aldizkaria, 1996a. Andoaingo Udala), eta, 2008an argitaratu zuen Alberto Aguirre (Errezil, 1886-Andoain, 1973) Musika lanak. Obra musical liburuan.

Alberto Agirre Udal Musika banda zuzentzen, Kontsejupean igandero eta egun berezietan egiten ziren kontzertu eta dantzaldietako batean (Argazkia: Udal Artxiboa, ©Emilio Truchuelo).

 

Beste hiru egileak, Jose Sainz, Joxe Mari Huizi eta Joxe Mari Oiartzabal dira, musika handiak hirurak ere.

Patxi Intxaurrandietak 2005ean, Jose Sainz Garmendiaren biografia laburra argitaratu zuen  Jose Saenz Garmendia. Pepe Andoain (1905-1982). Lekukotzak bildumako 6.zenbakian, Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren eskutik.

Oiartzabalen gainean zer esan? Kantari, tronpeta-jole, zenbait musikari taldeetako partaide eta Donostiako Musika Eskolako irakasle eta zuzendari zenbait urtetan izateaz gain, konposatzaile guztiz emankorra dugu, eta larunbatean estreinatuko dituzten bere hiru sormen lanak dira horren lekuko.

 

Joxe Mari Huizi, txistulari eta konposatzaile

Santa Krutz ermitan gogoratuko diren konposatzaileetatik Joxe Mari Huizi izan daiteke ezezagunena, beharbada. Baina sortu, sortu zituen zenbait pieza; larunbateko kontzertuan interpretatuko duten Barria, tartean.

Txistulari gisa izan zen ezagunagoa herrian Huizi. Izan ere, Andoainen txistuaren historia aztertzeko orduan nabarmentzeko modukoa pertsona da bera; ibilbide luzea egin zuen euskal instrumentu hori herrian sustatzeko orduan.

Frankismoko hainbat urtetan aizpuruatarrek (Inazio eta Jorge anaiek eta lehenengoaren seme Inaziok) txistuaren hotsa bizirik mantendu zuten, Udal Txistulari gisa. Baina Inazio aitaren heriotza tarteko, desegin egin zen hirukotea halako batean. Horrela, hamar-hamabost urtetako denboraldia igaro zen herrian txistularirik gabe. Izatekotan ere, aipatzekoa da Laborde lantegian Joxe Goikoetxeak, Pablo Etxeberriak, Ramon eta Emilio Truchuelo anaiek eta Pio eta Jose Mari Huizi anaiek osatzen zuten taldea, San Martin egunean eta beste zenbait txandetan talde gisa jotzeko elkartzen zirenak.

60. hamarkadan barrena, Joxe Mari Huizi, Jose Luis Etxeberria, Joxe Antonio Zalakain eta Jesus Mari Otamendi herriko jai eta ospakizunetan txistu-jotzaile izan ziren; horretarako, azken bi horiek, Huizi izan zuten txistu-irakasle.

Urtetan aurrerago, 1979an, Huizik Andoaingo Txistularien Udal Bandaren eraketa prozesuan hartu zuen parte, Jose Luis Etxeberria eta Joxe Goikoetxearekin batera. Horra, behin Banda osatuta, bere kideek Goikoplazan 1980an atera zuten argazkia:

Txistularien Udal Banda, 1980ean. Zutik: Gotzon Huizi, Javier Esnal, Joxe Luis Etxeberria, Joxe Joxe Mari Huizi eta Felix Martinez de Lezea. Makurtuta: Xabier Jauregi, Jon Lizarribar, Xabier Ansa, Xabin Mujika eta Iñaki Egibar (Argazkia: Udal Artxiboa, ©Emilio Truchuelo).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!