Andoain Euskaraldia'22

Dantza, musika eta zezen-suzkoa Euskaraldiaren amaierako ospakizunean

Jon Ander Ubeda 2022ko aza. 24a, 20:39

Abenduaren 2an, ostiralarekin, festa antolatu da Goikoplazan ipiniko den karpan. Askari edo merienda batekin hasiko da, eta jarraian Egape eta Klaap dantza taldeak eta Beietz! musika taldea zuzenean ariko dira. Lebiton konpartsako “Lebi” zezen suzkoak parte hartuko du, eguraldiak lagunduz gero.

Ospakizuna, karpa barruan

Goikoplazan karpa jarriko da, abenduaren 2an bertan. Arratsaldean hasi eta gaua iritsi bitarte, Euskaraldiaren azken eguneko ospakizunak bertan egingo dira. Zezen-suzkoarena alde batera utzita, hori kanpoan egingo baita. Euritik babeteko aukera izango dute, beraz, datorren ostiralean ospakizunera hurbiltzen direnak.

Muffinak Euskaraldiaren karpan

Gozoa izango da, literalki, Euskaraldiaren agurreko ekitaldia. Merienda edo askaria eginez abiatuko da ospakizuna, muffin goxoak jateko aukera izango baita.

Klaap dantza eskola

Euskaraldia abiatzearekin batera, Aiurri.eus bidez zabaldu zen Klaap dantza eskolako kideek prestatu zuten koreografia. Bideoak arrakasta handia izan du, eta Goikoplazan zuzen-zuzenean ariko dira.

Egape dantza taldea

Euskaraldiaren kantutik abiatuta, koreografia sortu dute Urnietako dantzari gazteek. Urnietan plazaratu ondoren, andoaindarren aurrean dantza hori eta beste bi dantza gehiago eskainiko dituzte.

Zeltik parranda Beietz! taldearekin

Bibolin, txirula eta trikitixak sortutako melodia zelta itsaskor eta biziek osatzen dute Beietz!-en bizkar hezurra. Horri rock, punk, ska edo folka gehituz dator Beietz!-en zeltik-parranda. Beietz! 2018an Arbizun (sortutako taldea da. Zazpikoteak ilusio handiz jaso du egokitu zaion erronka: Euskal Herriko toki guztiak zeltik-parrandaz bete. 2019ko urte amaieran taldearen lehenengo diskoa kaleratu zuten, "Erraietatik" izenekoa. Maiatzean bigarren diskoa argitara eman zuten, "Askatu Aingura" izenburupean.

Zezen-suzkoa

Arrakasta handiz ospatu zen Gau Beltzan andoaindarren aurrean atera ezinik geratu zenez, egun hartan bertan Larramendi Kultur Bazkunak erabaki zuen abenduaren 2ko ospakizunera atzeratuko zela Lebiren irteera. Lebiton konpartsakoak prest izango dira Euskaraldiaren ospakizunean parte hartzeko. Beti ere eguraldiak laguntzen badu, noski. Beraz, haur eta gazteak, adi ibili, gure artean berriro ariko baita zezen-suzkoa.

Zozketa berezia

Arratsaldea borobiltzeko, ospakizunean parte hartzen dutenen artean zozketa berezia antolatuko da. Beraz, adi, ospakizunera hurbiltzen dena sari eta guzti etxeratuko baita!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!