Maider Lainez PSE-EEko alkategaia izango da

Aiurri 2022ko aza. 25a, 13:13

Andoaingo sozialisten bilgunean, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiarekin batera, bere hautagaitza 2023ko udal hauteskundeetarako aurkeztu zuen, udal-kideak eta hainbat militante sozialista aurrean zituela. Agerraldiko zenbait une, bideoz ikusgai: 

Andoaindarra izateaz harro dagoela adierazi zuen, eta, 2019ko ekainean Andoaingo alkate izendatu zutenetik bere ohorerik handiena, “auzokideak ordezkatzea” izan dela gaineratu zuen.

Pandemia urteak eta Ukrainako gerrak legealdia gogor baldintzatu dutela aitortu arren, lankide sozialistei esker udal kudeaketa errazagoa izan dela azpimarratu zuen.

Ziurtatu zuen koiunturak aukera eman duenean, Andoaingo Udalean suspertze sozioekonomikorako baliabideak bideratu direla, eta gainera, “gure konpromisoen artean zeuden proiektu estrategikoak eta inbertsio eraldatzaileak berreskuratu” direla. Laínezek gehitu zuenez, bere taldeak ate guztiak jo dituzte, “beste erakunde batzuekin finantzaketa eta akordioak bilatzeko, andoaindarren bizitza hobetzea ekarriko duten” proiektuak gauzatzearren”.

Harro dagoela egindako lanagatik, baina oraindik “aurrean erronka asko” daudela betetzeko gaineratu zuen Lainezek. “Proiektu berriak eta ideia berriak bultzatu behar dira, eta datozen urteetan horiek errealitate izatea nahi dut”.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako diputatu nagusiordeak adierazi zuen Andoainek pisuzko hautagai bat behar duela, “lidergoa eta erabakitzeko gaitasuna, eta irizpide eta balio argiak izango dituena”. Erantsi zuen Andoainen proiektu "ezkertiar, plural eta errealista” bultzatzen eta defendatzen jarraitu behar dela, eta eginkizun horretarako bermea dela PSE-EE alkatetzan egotea.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!